Gurasoen artean euskararen erabilera sustatzeko tailerrak, Busturian eta Bermeon
Hain zuzen, Busturian bihar bertan batuko dira tailer horiek azaltzeko, eta Bermeon, berriz, azaroaren 5ean gauzatuko dute tailerra.
Busturiko Udaleko Euskara Batzordearen arabera, umeek gurasoen jarrera antzeratzen dute, eta, horregatik da «garrantzitsua» portaera eredugarriak sustatzea; horien artean, «hizkuntza portaera eredugarriak».
Hala, edononahi euskara «barra-barra» entzuteko, gurasoek horretan «indarra» egin behar dutela argi du Busturiko Euskara Batzordeak.
Hori horrela, Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzagaz elkarlanean, udalak gurasoen artean euskararen erabilera informala sustatzeko 3 saio egingo ditu. Tailer horien zehaztasunak azaltzeko bihar 16:30ean Altamirako Kultur Etxean bilduko dira.
Tailer horien bitartez, hizkuntzekiko jarrerak lantzea, eraldaketa sustatzea, portaera berriak sortzea eta hizkuntza lidergoa indartzea izango dituzte helburu parte hartzaile zein tailerraren sustatzaileek.
Bermeon, ‘Gurasolagun’
Bermeon, bestalde, Gurasolagun ekimenaren baitan, familian euskaraz jolasteko tailerra egingo dute azaroaren 5ean. Bermeoko Euskal Gunean bilduta, gurasoen artean talde txikiak sortuko dituzte, eta, horrela, hainbat jolas egingo dituzte: hala nola, errutina-jolasak, esku-jolasak, bikote-jolasak, kulunkatzeko jolasak, korru-jolasak, abestiak eta dantzak, talde-jolasak, konfiantza-jolasak, jolas kooperatiboak eta betiko jolasak.
Egun horretan, 17:30etik 19:30era elkartuko dira parte hartzaileak, eta «euskararen transmisioan eragitea, familia barneko eta familien arteko euskarazko harremana indartzea, familiei euskaraz jolasteko eta abesteko baliabideak eskaintzea eta herrian eta hirian euskara kalera ateratzea» helburu izango dute.
Jolasen ostean, gainera, ondo pasatzen jarraitzeko aukera izango dute bertaratutakoek Basoko ipuinak ikuskizunagaz.
Aipatu tailerrean parte hartu nahi dutenek azaroaren 3a baino lehen eman beharko dute izena berbalagun-bermeo.blogspot.com.es webgunean edota 607 609 580 telefonora deituta.
Plaza mugatuak izango direla jakinarazi dute tailerraren sustatzaileek (Bermeoko Udala, AEK eta Gotzon Garitaonaindia Euskaltegiak eta Bermeoko Hizkuntza Eskola Ofiziala). Hain zuzen, 20 pertsonentzako tokia egongo da, eta gurasoek eta 5 urtetik 10 urtera bitarteko umeek parte hartu ahalko dute.