
Hirutik hiru irabazi ditu, partida oso desberdinak jokatuta. Atzo Madrilen 67-73 nagusitu zen Rivas Ecopolisen kontra, eta Emakumezkoen ligan sailkapeneko lehenengoa da.
Ez zen garaipen erraza izan, eta norgehiagokari buelta ematea tokatu zitzaien gernikarrei. Hain zuzen ere, partidako azken laurdenean egindako lanari esker lortu zuten irabaztea.
Gernika-Lumoko taldeak ez zuen jokorik onena erakutsi. Aurkariaren defentsa sendoak estututa, ez ziren eroso sentitzen. Hala ere, batik bat Vanderwall eta Pop-en saskiratzei esker, partidako laugarren minutuan 9-11 ipini ziren aurretik. Baina, jokoan oreka falta igartzen zen, eta 22-16 amaitu zuten lehen laurdena. Atsedenaldira, berriz, bederatzi puntuko aldearekin heldu ziren: 39-30.
Atsedenalditik bueltan, aldea murriztea lortu zuten Gernika Bizkaiako neskek; 39-38 hurreratzea lortu zuten. Baina, aurreko bi jardunaldiak galdu ostean, Madrilgo taldea irabazteko gosez zegoen, eta hirugarren laurdenaren amaierara 57-53-ko emaitzarekin heldu ziren.
Azken laurdenean hobeto jokatu zuten gernikarrek. Mosby-k, Naiara Diez-ek, Pop-ek eta Vanderwall-ek egindako saskiratzeek ordurarte ikusitako bi taldeen aldea hainbesterainokoa ez zela erakutsi zuten. Hala, norgehiagoka amaitzeko bi minuturen faltan, 67-69 aurreratu zen Gernika Bizkaia. Pop-ek eta Miller-ek egin zituzten partidako azken saskiratzeak.
Zapatuan Malosten
Asteburuan etxean jokatuko dute gernikarrek. Gran Canaria taldearen kontra lehiatuko dira zapatuan, 18:30etatik aurrera Maloste kiroldegian.