Gorbeia Suzien zuen gernikarrak denboraldiko azken lasteketa, baina ezin izan zuen amaitu. Hala ere, aurreko garaipenei esker, beretzat izan da garaikurra 23 urtez azpikoetan.
Osasun arazoak medio, bukatu aurretik lasterketa utzi behar izan zuen Goitisolok zapatuan. “Konpromisoagatik joan nintzen,lagunekin egoteagatik eta faboritoa nintzelako; eta saiatu egin nintzen proba amaitzen, baina ezinezkoa egin zitzaidan”. Pena dela dio gernikarrak, “oso ondo nihoalako”. Dena den, aurten lortutakoarekin pozik da gernikarra. “Urdaibai Kopa irabazi dut, Euskal Kopa, Euskal Herriko Txapelketa eta kilometro bertikalen txapelketa ere irabazteko moduan izan naiz, baina diru arazoengatik, Araiatik Aratzera egin behar zuten azken proba bertan behera utzi behar izan dute”.

Goitisolo, Gorbeian/ Oier Elorriaga
Orain, urtea bukatu aurretik pare bat lasterketa egingo ditu gernikarrak, eta mendiko eski probetan saiatu gura du ostean: “Geldirik ez, behintzat”. Eta hurrengo urtean erronka berriak probatu nahi ditu Gernika-Lumoko gazteak: “Espainiako eta Munduko txapelketetako probak egitea gustatuko litzaidake. Euskal Kopa irabazi dut, baita Euskal Herriko txapelketa ere. Orain, proba eta lasterketa desberdinak ezagutu nahiko nituzke”.
Busturialdetik Gorbeiara
Goitisoloz gain, Busturialdeko ordezkaritza zabala izan da
Gorbeia Suzien proban. Arrolape mendi taldekoek ere marka onak lortu dituzte aurtengo proban. 425 parte hartzaile izan zituen Ionut Zincak (2.46.16) irabazi zuen probak, eta 18. postua lortu zuen Arrolape taldetik helmugara lehenengo heldu zen korrikalariak: Gaizka Itzak. 3.12.30ko denbora behar izan zuen lasterketa amaitzeko, eta haren atzetik, hemeretzigarren, heldu zen Iñaki Uribe-Etxeberria (3.12.49). Tedy Garzonek (3.14.21) 21. postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean, baina beterano gizonezkoen artean podiumaren gorenera igo zen Arrolapekoa, lehenengo postua lortuz kategoria horretan.
Emakumezkoen artean, Maria Zorroza izan zen Arrolape taldetik lehenengoa helmugaratzen. Sailkapen orokorrean 115. egin zuen (3.49.50); eta zortzigarren postua lortu zuen emakumezkoen kategoria absolutoan.