
Ondarroako Unanue Kamara Koralak eta Gernika-Lumoko Gaudeamus Koralak elkarrekin prestatu duten Damen Kantak ikuskizuna entzuteko Andra Mari eliza bete-bete egin zen domekan [urriak 19].
Oso pozik eta hunkituta amaitu zuten bi abesbatzetako zuzendariek kontzertua. Kontzertua amaitu orduko, malkoren bat edo besteren arrastoa nabari zitekeen oraindik Julia Foruriaren eta Estibalitz Arrizabalagaren aurpegietan. Irribartsu zera adierazi zuen Gernika-Lumoko zuzendariak: “Lehenengo zatia amaitu denean zeharo hunkituta amaitu dut. Abesbatzak ondo baino hobeto abestu du, eta horrek asko hunkitu nau. Zoragarria izan da Ave Marien zatia. Ondarroako eliza honetan, gainera, oso ondo entzuten da”.
Zuriz jantzita atera ziren abeslariak eta haien atzetik, txalo zaparrada artean agertu ziren Estibalitz Arrizabalaga eta Julia Foruria zuzendariak ikuskizunean parte hartu zuten hiru musikariekin batera.

Guztira
sei autore ezberdinen Ave Mariak entzun ziren Ondarroako elizan: Giulio Caccini-rena, Franz Bielb-rena, Dante Andreo-rena, Paco Ibañez-ena, Teruaki Suzuki-ena eta Xabier Sarasolarena.
Hamar bat minutuko atsedenaldiaren ostean, beltzez jantzita agertu ziren koru bietako kideak. Aurkezle lanetan aritu zen Esti Urizarrek hartu zuen berba berriro. Urizarrek bigarren zatiko kantuak aurkeztu zituen banan-banan. Herman Rechberg-ek idatzitako
Musica Picta entzuteko gomendio bat eman zuen Unanueko kantariak :”Itxi begiak eta entzun”.
Hiru taldetan banatuta abestu zuten
Musica Picta. Begiak ixteko eskatu zuten antolatzaileek eta publikoak ondo erantzun zuen. Denak begiak itxita entzuten aritu ziren, musika sentitzen. Haizearen zarata, ur tantak, naturaren zaratak entzuten ziren oro har. Kasu batzuetan kobazulo baten barruko zaratak ere sentitu ahal izan zituen entzuleak.
Aglepta, ostera, bakarrizketa batekin hasi zen. Hilobiaz haraindiko antzeko ahotsak ematen zutenak entzun ziren kantuan. Sorginak eta hildakoak biziberritzen ari zirela ematen zuen. Nolanahi ere, mitologia eta sorginkeria kutsuaz betetako gaua izan zen domekakoa.
Lamiak ere, beste bakarrizketa bategaz hasi zen. Abesbatzaren erdi-erdian lamiaren papera egiten zuen kantari bat zegoen orrazten, eta lamiek egin ohi zuten modura goi-goiko notak kantatzen aritu zen.
Tobin Stokes Kanadiarrak Gaudeamus koralari propio idatzitako
Ikimilikilikliketa
Eguzkilore abestu zituzten ostean. Erabilitako argiek eta koreografiak aho zabalik utzi zituzten ikuskizuna entzutera hurbildu ziren guztiak.
Amaitzeko, San Juan egunean kantatzen den
Sorgin dantza abesten amaitu zuten Damen Kantak ikuskizuna. Irrintzi eta guzti abestu zuen koruak azken kanta.
Txalo zaparrada artean amaitu zuten ikuskizuna.
Tobin Stokes Kanadiarrak Gaudeamus koralari propio idatzitako
Ikimilikilikliketa
Eguzkilore abestu zituzten ostean. Erabilitako argiek eta koreografiak aho zabalik utzi zituzten ikuskizuna entzutera hurbildu ziren guztiak.
Amaitzeko, San Juan egunean kantatzen den
Sorgin dantza abesten amaitu zuten Damen Kantak ikuskizuna. Irrintzi eta guzti abestu zuen koruak azken kanta.
Txalo zaparrada artean amaitu zuten ikuskizuna.