
Bermeoko Nestor Basterretxea aretoak eta Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiak
Lasa eta Zabala pelikularen estreinaldiagaz bat egingo dute. Hain zuzen, bertoko hiru areto horietan proiektatuko dute filma asteburuan.
Lasa eta Zabala pelikulak istorio aski ezaguna kontatzen du: ustezko ETAko kide biren bahiketa eta hilketa. Joxean Lasa eta Joxi Zabala 1983an bahitu zituzten Baionan (Lapurdi) zeudela. Hiru urte beranduago, bestalde, ustezko ETAko kideen gorpuak aurkitu zituzten Alicanten, kare biziagaz lurperatuta. Gorpuak, hala ere, ez zituzten identifikatu 1995era arte. Identifikazioaren ostean, Iñigo Iruin abokatuak eta haren laguntzaileak hiltzaileak zigortzeko prozesua hasi zuten.
Filma Donostiako Zinemaldian proiektatu zuten lehenengoz. Euskal eragileek pelikula goraipatu zuten, bizikidetzarako beharrezko ariketa bat dela argudiatuta. Espainiako eragile atzerakoienak, baina, filma gutxiesten saiatu ziren.
Pelikula epailearen auto ofizialean oinarrituta dago. Izan ere, Pablo Malo zuzendariak istorio horren benetako kontaketa egin nahi zuen. GALek erail zituen 27 lagunetatik lehenak izan ziren Lasa eta Zabala.
Lizeo Antzokiko ordutegia: bihar eta etzi, 19:00etan eta 22:00etan; astelehenean 20:30ean.
Nestor Basterretxea aretoko ordutegia: gaur, bihar eta astelehenean, 19:00etan eta 21:30ean. Etzi, 19:00etan.