
Hamar urte herritarrei arreta ematen; hamar urte udal izapide administratiboak leku berean egiteko aukera eskaintzen; hamar urte herritarren beharrizenei irtenbidea ematen; hamar urte bere helburuak lortzen.
Bermeoko Berhaz zerbitzua bere helburuak betetzeko aurrerapausoak ematen aritu da jaiotzetik gaur egun arte, eta, aurrerantzean ere, hala jarraitzeko asmoa duela erakutsi du. Horrela, duela hamar urte baino gehiago diseinatutako zerbitzuak etengabe hobetzen jarraituko duela deritzote bertako langileek; eta, horregaz batera, herritarrenganako harremanek ere hobetzen jarraituko dutela.
Bitartean, herritarrei administrazioagaz lotutako hainbat eta hainbat izapide egiteko aukera eskaintzen jarraituko du zerbitzuak; elkarbizitza agiriak ematetik hasi, eta udalak antolatutako ikastaroen berri emateraino. Batez ere, erroldagaz lotutako izapideak egitera jo dute herritar gehienek Berhazera. Hala ere, azkenaldian herritarren ohiturak ere aldatzen doazela aitortu dute zerbitzuko langileek. Diotenez, “geroz eta gehiago dira ordainketak egitera, hitzorduak hartzera, galdutako objektuak eramatera, edota kexa edo eskari bat egitera doazenak”.
geroz eta gehiago dira ordainketak egitera, hitzorduak hartzera, galdutako objektuak eramatera, edota kexa edo eskari bat egitera doazenak”.
Bisita kopuruari dagokionez, bestalde, Berhazek 109 herritar jasotzen ditu bulegoan, astebarruan; eta zapatuetan, aldiz, 17 bat lagun. Halaber, hilero bi argitalpen saltzen ditu zerbitzuak, eta galtzen diren 17 objektu jasotzen ditu. Jasotzen dituzten deiak ere, asko izaten dira: hilean 1.043 inguru. Horietatik, deien %51 zuzenean erantzuten eta tramitatzen dituzte, herritarra udaleko beste sailetara bideratu barik.
Herritarrentzako erakusleihoa ere
Herritarrak oso garrantzitsuak dira Berhazentzat, eta bestelako aukerak ere eskaintzen ditu zerbitzuak. Hain justu, bulegoa herriko artisten lanek apaintzen dute aldizkako erakusketen bitartez. Hori horrela, herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu ditu Berhazek, “sei hilero aldatzen den erakusleiho paregabea baita”.
Naiara Anasagasti: «Arreta telematikoa da herritarrei begira Berhazek hobetu behar duena»

Berhazen hasieratik ari da Naiara Anasagasti bermeotarra (1977, Bermeo) udal zerbitzuan lanean: “ideia bat besterik ez zenetik, eta jendeak itxaropen gutxi zuenetik”. Hamar urte geroago, pozik da zerbitzuak izan duen ibilbideagaz, eta etengabe hobetzen jarraitzeko nahia agertu du.
Zer eskaintzen du Berhazek?
Bulegoan bertan, 010 telefono zenbakiaren bitartez, zein online, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu. Zerbitzuaren agirian biltzen diren izapide guztiak egin daitezke bulegoan bertan; hala nola, elkarbizitza, heriotza eta errolda agiriak, konpultsak, ordainketak, obren lizentziak, txakur arriskutsuen lizentzia eskaerak… Horrez gain, galdutako gauzak ere bulegoan biltzen ditugu, eta horiei dagozkien prozesua jarraitzen dugu.
Zein helburugaz sortu zen Berhaz?
Helburua argi genuen: herritarren eta udalaren arteko harremana erraztea. Horregaz batera, herritarren parte hartzea areagotzea zen beste helburuetako bat. Hori horrela, sortuz geroztik eman ditugun aurrerapausu guztiak herritarrekin harremana mantenduz eman ditugu.
Hamar urte beranduago, bete al ditu helburuak Berhazek?
Lehenengo urteetan, egia esan, herritar askok sail ezberdinetara jotzen zuten era bateko edo besteko izapideak egiteko; hala ere, gaur egun, oso ezaguna da Berhaz zerbitzua, eta herritarrek badakite nora bideratu behar dituzten beraien eskaerak. Udaleko administrazioko izapide guztiak leku berean zentralizatzea, errealitate bat da egun.
Zer da zerbitzuen agiria?
Berhaz zerbitzuaren bitartez egin daitezkeen izapideak biltzen dituen liburuxka da. Bi urterik behin kaleratzen da; azkena, esaterako, 2013koa da; datorren urtean, beraz, berria aterako dugu. Aurreko zerbitzuen agiriagaz alderatuta azken horrek ekarri du berritasunen bat. Orain arte, zein zerbitzu edo izapide egin daitezkeen zehazten zuen agiriak; zeintzuk egin daitezkeen bulegoan bertan, zeintzuk telefonoz eta zeintzuk internet bidez. Gainera, Berhazen konpromisoa ere adierazten du; alegia, izapide bakoitza egiteko zenbat denbora itxaron beharko duen herritarrak. Dena den, azken gidak zerbitzuaren betetze-maila ere zehazten du; hau da, Berhazen aldetik zerbitzua %100ean bete den, edo desbideratzerik izan den. Informazio hori guztia, Bermeoko Udalaren webgunean argitaratzen da 6 hilabetero, herritarrak ere jakitun izan daitezen. Halaber, herritarren parte hartzeko moduak ere zehazten ditu. Agiri hau, gainera, herriko etxe guztietara bidaltzen du udalak; urtero 7.500 bat ale.
10 urte horietan, zer hobetu du Berhazek?
Egia esateko, arreta zerbitzu oso zuzena du Bermeoko Udalak. Erdi mailako hainbat udalen erreferente bihurtu gara. Hala, hainbat lekutatik etortzen dira gugana zerbitzuaz galdetzera.
Eta zer du hobetzeke oraindik?
Nire ustez, arreta telematikoa da benetan landu behar dugun gaia; hori izango da herritarrei begira izango dugun erronka nagusia. 010 telefono bidezko zerbitzua indartzen ari gara egun, baina nik uste dut online bidezko zerbitzuan badagoela zer hobetu. Gaur gaurkoz, online bidez 70 bat lagunek egin dituzte egin beharreko izapideak, eta 17.000 biztanle baino gehiagoko herri batentzat, portzentaia benetan baxua da. Horregatik, urte amaierarako udalaren webgunean zehaztuko dugu online bidez egin daitezkeen izapideak, bertatik tramitatzen hasi ahal izateko. Hori posible izateko, erabiltzaile bakoitzak dagokion identifikazioa eta pasahitza izan behar ditu. Hori dela eta, herriko etxe guztietara ari gara bidaltzen informazioa. Hala eginez, herritarrari erraztasun bat ematen ari garela deritzogu. Izan ere, orain arte, online bidezko izapideetarako NAN elektronikoa behar izan dute herritarrek, eta urteak pasa ahala, ikusi dugu zailtasun teknikoak dituztela aukera hori erabiltzerakoan. Beraz, beste dinamika bat jarri behar izan dugu martxan.
Denboraren poderioz, izapide berriak eskainiko ditu Berhazek?
Herritarrak faltan botatzen dituen izapideak izaten dira guk gerora ezartzen ditugunak. Administrazioan, batzuetan, autismorako joera izaten da; hau da, herritarrentzako interesgarria litzatekeena guk geuk pentsatu eta martxan jartzen dugu. Herritarrei galdetu ezean, baina, ez dakigu hori baino gai garrantzitsuagorik dagoen. Horregatik, guk beraiei galdetzen diegu zer botatzen duten faltan.
Nola heltzen zarete herritarrengana?
Asetasun inkesta bat egiten dugu bi urterik behin –hasieran urtean behin egiten zena–. Orain arteko ohiko galderak egiteaz gain, gaur egun, udaleko beste sail batzuetako gaiei buruz ere galdetzen diegu. Horrela, beharbada, hobekuntzak egin ahalko ditugu orain arte landu ez ditugun arlo horietan. Inkesta horietatik, emaitza benetan interesgarriak ateratzen ditugu, iradokizun eta informazio asko jasotzen baitugu. Horrela izateak hobetzen joateko aukera ematen digu.
Zer diote herritarren erantzunek?
Azken inkesten emaitzen arabera, oso ondo baloratu dute Berhaz zerbitzua. Herritarren arabera, beraien beharrizanak asetzen ditu zerbitzuak. Udaleko beste sailetako gaien artean, bestalde, aparkalekuei buruzko kezka adierazi dute erabiltzaileek.
Erraztasunak ematen dizkiezue herritarrei, baina beraien erantzuna nolakoa da?
Zerbitzua martxan jarri zenean, oso itxaropen gutxi erakutsi zuten herritarrek; orain, baina, eskaera gehiago egiten dituzte. Informatuta dauden herritarrekin topo egiten dugu orain; zerbitzu gida irakurrita dute, eta badakite zer eskatu dezaketen. Beraz, herritarren aldetik jasotzen dugun erantzuna oso ona dela deritzogu. Gure konpromisoa betetzen ez dugunean, kexatu egiten dira, eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Izan ere, hobetzen jarraitzeko aukera eskaintzen digute bermeotarrek.