Jaietako ekintzak hobeto banatzeko eskatu dio Bostale ostalarien elkarteak Bermeoko Udalari
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan udalak antolatzen dituen ekintzak «gutxi» direla eta «herriko gune ezberdinetan banatzen ez» direla kritikatu du Bostale Bermeoko ostalarien elkarteak. Era berean, udalak jaien inguruan egindako balorazio onaren aurrean, «desadostasuna» erakutsi du elkarteak, eta ez duela jaien balorazio ona egiten azaldu du; «ez, behintzat, jende aldetik». Elkartearen ustez, «jende gutxi» izan da aurten, kalean.
Horren arrazoietako bat «krisia» dela jakin badakiten arren, elkarteak proposatzen dituen ekimenei udalak jartzen dizkion «oztopoak» garrantzia dutela uste dute. «Adibidez, bozgorailurik ezin dugu jarri ostalariok eta taberna kanpoan ekintzarik ere ezin dugu antolatu», kritikatu dute Bostale elkartekoek.
Azken finean, txosnagunekoen eta ostalarien artean udalak egiten duen «desberdintasuna» da Bostalek kritikatzen duena. Elkarteak argi utzi du ez duela ezer txosnen aurka,bere arabera, «jai giroa sortzen laguntzen dute- eta». Hala ere, txosnalariei ostalariei baino gehiago uzten zaiela diote; horren aurrean, «seriotasun eta gogortasun gehiagorekin jokatzeko» eskatu diote udalari.
Egoera «txarrerantz»
Izan ere, urteen poderioz, egoera «txarrerantz» doala aitortu du Bostalde elkarteak, eta uste dute Jai Batzordeak ez duela ahaleginik egiten jaia kalean egon dadin.
Noizbehinka tabernariak udalagaz batzen diren arren, «ostalarien interesak defendatzen ez dituztela» deritzo Bostalek, eta horien ganetik beste batzuen interesak gailentzen dituztela nabarmendu dute; «kasu honetan, txosnalarienak». Hori horrela, Bostalek dituen iniziatibekin aurrera egiten uzteko eskatu diote udalari, eta txosnalariei jartzen dizkioten baldintza berak ere eskatu dizkiote.
Egoera hori kontuan hatuta, Busturialdeko eta inguruko gainontzeko ostalarien elkarteekin harremanetan jartzeko asmoa erakutsi du Bostalek; horrela, arazo bera duten ala ez ikusi eta irtenbidea mankomunean bilatu ahalko dute.