Gautegiz Arteagan euskararen erabilera beheraka doala eta, euskararen garrantziaz ohartarazteko zenbait ekintza antolatu zituzten Artie dantza taldeak, Antoliñape elkarteak, Montorre eskolak eta Montorre eskolako guraso elkarteak, joan den asteburuan. Hiru egunetan banatuta, gazteenentzako jarduerak, Arteaga Ezagutuz ibilaldia, jolasak, bertso bazkaria, eta gaztaina jana egin zituzten arteagarrek.
Barikuan, esaterako, umeen txanda izan zen. Dantzan aritzeko, kantuan egiteko, txisteak eta asmakizunak kontatzeko, eta euskararen aldeko pankartak egiteko aukera izan zuten herriko gazteek, besteak beste.
Zapatuan, bestalde, Arteaga Ezagutuz ibilaldiagaz hasi zuten eguna, eta, horren ostean betiko jokoetan parte hartzeko aukera izan zuten bildutakoek. Eguerdian, triki-kanta poteoa egin zuten arteagarrek. 50 lagun inguru batu ziren, Xabal Galletebeiiaren, Julen Erezumaren eta Julen Ibarguengoitiaren bertsoak entzuteko. Eguna amaitzeko euskal karaokea egin zuten.
Domekan, urteroko gaztaina bilketa egin zuten herriko bizilagunek. 80 pertsona inguruk 28,6 kg gaztaina batu zituzten, iluntzean herriko plazan jateko. Euskararen aldeko asteburua amaitzeko, bestalde, ipuin kontalari bat izan zen Gautegiz Arteagan.
Eskolan ere euskara sustatuz
Euskararen aldeko aldarrikapena asteburuan atera zuten herriko kaleetara, baina Montorre eskolako ikasleak aste guztian ibili dira ekintza desberdinetan parte hartzen. Euskarazko ipuinak, olerkiak eta abestiak landu dituzte eskolan bertan, besteak beste.