Ekintzaile berrientzako laguntzak bideratuko ditu Bermeoaldeko Behargintzak
Hiru motatako laguntzak bideratuko ditu enpresa berriak sortu nahi dituzten ekintzaileentzako.
Batetik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko ekintzaileentzako laguntzak bideratuko ditu; hain zuzen, ideia bat aztertu eta garatu nahi duten edota proiektu bat martxan jarri nahi duten ekintzaileei aholkularitza zerbitzua eskaintzeko.
Bertan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute urriaren 27a orduko. Hala, izena emandako horien artean aukeraketa prozesu bat egingo dute, eta horien artean aukeratuak direnek hiru hilabeteko aholkularitza-prozesuan parte hartuko dutela jakinarazi dute. Izena eman nahi duten ekintzaile horiek zenbait baldintza bete beharko dituztela azaldu du Behargintzak: besteak beste, Euskal Herrian erroldatuta egon beharko dira eta berton bizi beharko dira, langabetuak izan beharko dira eta Lanbideko enplegu eskatzaileak izan beharko dute.
Bermeoko Udala izango da laguntza horiek ordainduko dituena, eta bi adin tartetan sailkatuta banatuko dituzte: 2.000 euro emango dizkiete 18 urte baino gehiago eta 25 urte baino gutxiago dituztenei, eta 1.500 euro, berriz, 25 urte edo gehiago dituztenei.
Banakako aholkularitza
Enpresa-proiektuak finkatzen laguntzeko, berriz, banan-banako aholkularitza zerbitzua eskainiko diete tokiko ekintzaileei Busturialdeko Enplegu Planaren bitartez; hartara, enpresa kudeaketan hobekuntza planak ezartzea, hartu beharreko erabakietan laguntzea eta enpresen lehiakortasuna hobetzea ahalbidetuko dute. Aholkularitza zerbitzu hori jasotzeko, dena den, enpresa urtarriletik urrira bitartean sortutakoa izan beharko da.
Azkenik, enpresa-ideia edo proiektu bat duten ekintzaileentzako laguntzak bideratuko ditu Behargintzak, Bizkaiko Foru Aldundiaren bitartez. Behargintzak jakitera eman duenez, ekintzaile bakoitzeko 4.000 eta 5.000 euro artekoak izango dira laguntza horiek, eta lehenengo urteko gastu finkoak ordaintzeko bideratuko dituzte. Laguntza hori jasotzeko, hala ere, Enpresa hastapenak eta enpresa kudeaketa ikastaroa egitea beharrezkoa izango da, azaroaren 17tik 24ra bitartean. Horrez gain, enpresako bazkide batek tutoretzak jasotzea eta enpresa sortu aurretik langabezian egotea izango dira bete beharreko baldintzetariko batzuk.
Hala, laguntza batzuk zein beste batzuk jaso gura dituenak edo horiei buruzko informazioa gura duenak Bermeoaldeko Behargintzara jo beharko du.