Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministerioak baimena eman dio Repsol YPF enpresari, Ingurumen Inpaktuaren Ebaluaketa positiboa dela esanez. Hala, Elantxobeko kostatik 16 kilometrora eta Bermeokotik 22 kilometrora prospekzioak egiteko baimena du, itsaso azpian gasa dagoen ikusteko. Gehienez, 4.000 metroko sakoneran egin ahal izango ditu zundaketak, eta zetazeoen biziraupena eta uren kalitatea bermatu beharko ditu.
Fulmar eta Pelicano izenez ezagutzen diren txosten horiek Industria, Energia eta Turismo ministerioaren oniritzia behar dute orain.
Ekologista taldeak eta arrantzaleak zundaketen kontra azaldu dira behin baino gehiagotan, eta Repsolen asmoak “astakeria hutsa” direla esan izan dute. Bai Greenpeacek eta baita Ekologistak Martxan taldeak ere, zundaketa horiek duten arriskuaz ohartarazi dute azken urteetan. “Prospekzioak Urdaibaiko Biosfera Erreserban egingo dituzte, eta hori kezkagarria iruditzen zaigu”.
Arrantzaleak ere kexu agertu izan dira gai horrekiko. Hain zuzen, zundaketek beraien lanbidean eragin zuzena izango dutela kritikatu izan dute, eta beraiei aktuazio hoiei buruzko informaziorik ez helaraztea salatu dute.