
Beste urte batez, Berbalagun egitasmoa jarri dute martxan Bermeon. Hamaikagarren edizioa da aurtengoa, eta taldeak batzen hasi direla azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek; hala ere, nahi duenak oraindik bertan parte hartu dezakeela adierazi dute.
Eskola eta euskaltegietatik kanpora zabaldu gura dute euskararen erabilera; alegia, lagunarteko girora. Horregatik, aurten ere, astean behin elkartzen hasi dira berbalagunkideak; ekintza ezberdinen bitartez, euskara praktikatzeko. Asteroko hitzordu horiez gain, dena den, izaten dituzte beste zenbait ere: adibidez, ikastaroetan, argazki emanaldi eta tertulietan, sukaldaritza tailerretan, bisita gidatuetan eta irteeretan bildu dira orain arte.
Eta aurrerantzean ere, ekintza osagarr horiek egiten jarraitzeko asmoa erakutsi dute. Gainera, taldeen arteko topaketak ere izango dituzte aukeran. Bestalde, udaberri, udazken eta neguan argitaratzen dituzten buletinak ere eskuratu ahalko ditu herritarrak, eta, horrenbestez, horietan agertzen diren lehiaketetn parte hartzeko aukera izango dute.
Euskara ikasten ari direnek zein euskaraz egunerokotasunean hitz egiten dutenek parte hartzen dute Berbalaguneko taldeetan, eta sustatzaileek adierazi dutenez, parte hartzaile horien artean harrera ona izaten du egitasmoak. Hain zuzen, urtez urte bertako parte hartzaile kopuruak gora egiten duela aitortu dute; hala ere, laguntzen duten pertsonak falta izaten direla nabarmendu dute; alegia, euskaraz aritzen diren erreferente horiek: bidelagunak.
Hala, zailtasunak ekidinez, euskaraz berba egiteko ohitura hartu gura duen horri edota lagundu nahi duen beste horri egitasmoan parte hartzeko deia egin diote. Hala, interesatuek, Bermeoko AEKra (609 462 018), Gotzon Garitaonaindia euskaltegira (688 651 491), Hizkuntza Eskolara (94 618 70 91) edota Bermeoko Udaleko Euskara Sailera (94 617 91 22) deitu beharko dute. Horrez gain, Berbalaguneko dinamizatzaile Marimar Hernandezi ere deitu ahalko diote (607 609 580).
Hartara, euskara ikasi arren berba egiteko ohitura handirik ez dutenak eta normalean berba egiten dutenak batuko dira, eta, guzti horien artean harremanak estutuko dituzte, euskaraz bizitzeko.