
Busturialdeko bertsolariek ezin izan dute finalaurrekoetarako zuzeneko txartela eskuratu, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketan. Hain zuzen, bigarren sailkatu da Ibon Ajuriagogeaskoa eta hirugarren Juen Erezuma. Gernikarrak menpean hartuz, Beñat Ugartetxea mallabitarra sailkatu zen finalerdietarako, Galdakaon jokatutako kanporaketan.
Ajuriagogeaskoak puntuka egin beharreko atalean galdu zuen finalaurrekoetarako sailkatzeko aukera. Lehen bi atalak jokatuta, puntu erdiko aldea zeukan gernikarrak, baina puntukakoan zazpi puntu eta erdi atera zizkion Ugartetxeak. Ajuriagogeaskoa kartzelako lanean saiatu zen mallabitarrari aurrea hartzen berriro ere, baina ahaleginak ez zuen etekinik eman.
Erezumak ere saio polita egin zuen. Lehia estua izan zuen Garikoitz Sarriugartegaz, baina azkenean hirugarren sailkatzea lortu zuen. Aipatzekoa da gernikarrak kartzelako lanean eman zuen maila. 72 puntu lortuta, puntuaziorik altuena jaso zuen bertokoak.
Ajuriagogeaskoa eta Erezuma puntuazioaren arabera sailkatu daitezke finalerdietarako. Kanporaketak amaitzean jakingo dute sailkapena lortu duten edo ez.
Bigarren kanporaketa Gautegiz Arteagako herriko frontoian lehiatuko dute, hilaren 19an, 17:30ean. Oihana Bartra, Lander Ibarluzea, Josu Landeta, Itxaso Paia, Aitor Arruti eta Inazio Vidal ariko dira saio horretan.
Galdakaoko kanporaketako sailkapena
- Beñat Ugartetxea (372,5 puntu)
- Ibon Ajuriagogeaskoa (366,5 puntu)
- Julen Erezuma (356 puntu)
- Garikoitz Sarriugarte (354 puntu)
- Iñaki Iturriotz (337,5 puntu)
- Aitor Bizkarra (316,5 puntu)