
Aurten ere Gernika-Lumoko Rallyak ez die zaleei hutsik egin, eta auto gidarien ikuskizunak ehunka lagun bildu ditu asteburuan. Antolatzaileak pozik eta oso gustora daude. Hibai Bilbao Gernika Racing elkarteko kidearen berbetan, “auto gidariak ere gustora geratu dira lasterketarekin; luzea eta gogorra izan dela esan digute”. Hala, zaleei zein auto gidariei ibilbidea asko gustatu zaiela nabarmendu du.
Ander Learretak eta Ivan Muñozek estreinatu berri duten Lotus Exige R-GT-agaz 57 minutu eta bost segundu pasatxoan amaitu zuen proba. Aingeru eta Angel Castroren BMW M3a izan da bigarrena, eta Ander Aranak eta Arkaitz Kobeagak hirugarren egin dute euren Peugeot 309 GTI 16v-agaz. Hala ere, sailkapena behin behinekoa da. Izan ere, zapatuan auto gidari batek apelazioa jartzeko asmoa zuela adierazi zuen.
Bestalde, Seat 124-arekin Luis Santamariak eta eta Jagoba Sarasak irabazi dute Sport erregulartasunaren saria erdi-goi kategorian. Erdi-baxuko mailan, berriz, Ford Sierra Cosworth 4×4-agaz Luis Angel Urionabarretxea eta Eneko Fuentes izan ziren nagusi.
79 autok eman dute izena aurten, horietatik hamaseik Sport Erregulartasun modalitatean. Hala ere, arrazoi desberdinegatik denek ez zuten rallya amaitu. Abiadura lasterketan, 55 auto abiatu ziren, eta 26k lasterketa utzi behar izan zuten. Sport Erregulartasunari dagokionez, aldiz, bederatzi autok amaitu zuten proba.
Barikuan egiaztatzeak
Bariku arratsaldean egiaztatze administratiboak eta teknikoak egin ostean, Pasealekuko parke itxian egon ziren ikusgai autoak. Biharamunean, goizean goiz ekin zioten Gernika-Lumoko 21. probari. Hain zuzen ere, 8:30ean irten zen lehenengo autoa Pasealekutik, eta Montecalvon hasi zuten lehia.
Egunean zehar hamar erlojupeko egin zituzten lau tartetan: Montecalvo, Mendata, Gernika-Lumo eta Arrieta. Goizeko tarteak, Montecalvo eta Mendata, birritan egin zituzten, eta arratsaldeko Gernika-Lumoko eta Arrietakoa, ostera,hirutan. Horrela, guztira 92,70 kilometro izan zituen probak.
Lasterketa osoan lehia estua izan zuten sailkapeneko lehenengo biek, eta Aranak eta Kobeagak gertutik jarraitzen zieten. Izan ere, Castrorentzat eta Aranarentzat asko zegoen jokoan: Euskadiko txapelketaren lehen postua.
Montecalvoko bi bueltetan Learreta eta Muñoz izan ziren azkarrenak, Mendatako lehenengokoa ere eurentzat izan zen, baina, bigarrenean Aingeru eta Angel Castroren atzetik egin zuten. Arratsaldeko lehen erlojupekoetan ere Castro izan zen nagusi, eta bigarrenean Arana eta Kobeagaren Peugeot 309a izan zen azkarrena. Gernika-Lumoko bigarren erlohupekoan ere Castrok aurrea hartu zien gainontzekoei. Hurrengo bietan, baina, Learretaren Lotus Exigeak egin zituen denborarik onenak. Halaber, azkenenego erlojupekoan Castro izan zen azkarrena.