
Emakumezkoen Ligan estreinatuko dira Gernika KESBeko seniorrak denboraldi berrian. Iaz liga borobila egin ostean, Emakumezkoen Lehen Mailan jokatzeko txartela eskuratu zuten Gernika Bizkaiako neskek, balentria handia eginez. Bertoko jokalariek urriaren 15ean hasiko dute liga, derbiarekin. Izan ere, Gipuzkoa UPV taldearen kantxa bisitatuko du talde gernikarrak. Donostian izango da norgehiagoka, 20:00etan. “Talde ezaguna da Gipuzkoa UPV, eta haren jokalariak ondo ezagutzen ditut. Hala ere, guk baino esperientzia gehiago dute liga honetan, eta gogor lan egin beharko dugu”, azaldu du Mario Lopez entrenatzaileak.
Helburu zehatza du taldeak 2014-2015 denboraldirako: mailari eustea. Hala, taldea gorengo mailan mantentzeko fitxaketa berriak egin ditu klubak. “Kanpoko lerroa sendotzeko bi jokalari fitxatu ditugu, eta barruko lerroa sendotzeko beste bi”. Horiekin, eta iaz tadearen bizkar hezurra osatu zuten jokalariekin denboraldi polita egiteko moduan daudela uste du Lopezek. “Talde lehiakorra izango garelakoan nago, eta lan ona egingo dugula deritzot”.
11 jokalari, 4 harrobikoak
Irlandako Rachael Vanderwall base eta eskolta postuetarako, Claudia Pop errumaniarra hegalerako, eta AEBetako Bernice Mosby eta Kroaziatik heldutako Mirna Mazic pibotak dira Gernika Bizkaiaren jokalari berriak. “Fitxaketa berriekin taldea orekatuta dago: esperientzia da lau jokalari berri horiek dutena, eta ezagutza dute iaz ere taldean izan ziren jokalariek”.

11 jokalari ditu taldeak; horietatik 4 harrobikoak dira: Ane Mugira, Judith Monasterio, Araia Peña eta Izaskun Garcia. Lesionaatuta dagoen arren, bestalde, Maite Mugirak ere fitxa izango du lehenengo taldean. Era berean, Yaiza lazaro bilbotarrak eta Naiara Diez altsasuarrak ere taldean jarraituko dute.
Bertoko taldeko jokalariak astean lau aldiz entrenatzen dute, goizez eta arratsaldez. “Emakumezkoen Gorengo Mailak dedikazio osoa eskatzen du, eta hori da jokalariei eskatzen zaiena. Egia da, gizonezkoen mailakoek baino gutxiago kobratuko dutela, baina exijentzia maila berbera da”, Lopezen hitzetan.
Historian lehenengo aldiz heldu da Gernika KESBeko talderen bat hain gora. “Oso pozik gaude, harro. Gainera, azken urteetan harrobiko jokalariekin egindako lana goraipatzekoa da. Klubeko entrenatzaileek egindako lanari errekonozimendu bat dela esango nuke”.
Joko arina bezain ona erakutsiko dutelaren esperantza dute taldekideek. “Lehenengo partidetan sendotasuna erakustea garrantzitsua izango da. Garaipen bat edo beste lortzea, eta ahalik eta puntu gutxien jasotzea”.
Horretarako,Gernika Bizkaiako jokalariek defentsa lan bikaina egin beharko dutela dio Lopezek: “iaz ere defentsa gogorra geneukan, eta horretarako gai izan bagarela esango nuke”.
Bazkideen laguntza

Goian mantentzeko, baina, finantziazioa ere ezinbestekoa dela gogoratu du taldeko entrenatzaileak. “Zuzendearitza taldeko kideak, Gerardo Candina buru, lan handia egiten ari dira bazkide berriak lortzeko, sponsorrak lortzeko… Oro har, dirua lortzeko”. Zehaztu duenez, klubeko bazkide izateko 80 euro ordaindu behar dira urtean. “Hala ere, bestelako bazkidetzak ere badaude: enpresei zuzendutakoak, edota 20 euroren trukeko bazkide-lagun bonoak”. 400-500 bazkide izatera hel daitezkeela uste du Lopezek.
Bizkaiko Foru Aldundiaren finantziazioa ere badu Gernika KESBek. “Bizkaialdek badu emakumezkoen kirolak laguntzeko diru partida bat, eta horretatik ere hartzen dugu”. Era berean, Gernika-Lumoko Udalak eman dien laguntza ere eskertu gura izan du entrenatzaileak. “Emakumezkoen Ligan jokatzeko federazioak exijitzen dituen baldintzak bete behar ditu Malostek, eta egokitzapen horiek egiten aritu izan dira azken asteetan: saski eta markagailu berriak jarri ditu udalak, eta aldagelak eta kantxa egokitu ditu”.