
Garai batean Euskal kostaldeko arrantzaleak oso famatuak ziren balearen ehiza zela eta. Hainbat eta hainbat balea ehizatu zituzten Kantauri Itsasoan zein Bizkaiko Golkoan, baina euskal kostaldetik gertu harrapatutako azkenengo balea Franco diktadoreak lehorreratu zuen; hain justu ere, Bermeoko portuan.
1963ko abuztuan izan zen. Ohi bezala, Franco Kantauri Itsasoan zebilen Azor itsasontzian. Eskualdeko herritarrentzat ez zen arraroa ontzi hori Bermeoko portuaren kanpoaldean ikustea, baina diktadorearen ontzia portu barrura sartzea ez zen ohikoa.
Azor itsasontzia portura sartzean, bermeotarrek ezusteko ikaragarria hartu zuten. Izan ere, 11 metroko luzera eta 40 tona inguru zeuzkan katxalotea zeraman ontziak.
Garai hartako egunkariek Francoren irudia goraipatu zuten horren animalia handia ehizatzeagatik, baina bermeotarrek ez zuten begi onez hartu diktadorearen oparia.
Ordurako, baleen arrantza iraganeko kontua zen, eta Bermeoko portua zein herritarrak ez zeuden prestatuta herrian 40 tonako animalia bat hartzeko. Balearen jabe egin zen enpresa animalia txikitzen saiatu zen, baina langileek ez zituzten lanabes egokiak. Horrenbestez, behar baino denbora gehiago behar izan zuten txikitzeko, portu inguruan ustel kiratsa hedatuz.
Gertaera hori dela eta, bermeotarrek kantu bat asmatu zuten. Honela dio:
Agostuen hamabijen/ Patxi (Franco) Bermiora etorri/ Ekarri/ Katxalotie ekarri/ katxalotie ekarri/ Katxalotie/ Artzan usteldute itzi.
Bermeokoa ez zen izan Francok euskal kostaldeko portuetan lehorreratutako lehenengo balea, baina bai azkena. Aurretik, Donostian eta Pasaian ere lehorreratu zituen zenbait ale, baina 1963tik aurrera diktadoreak ez zuen balea gehiago ehizatu.
Balearen ehiza propagandarako ekintza bat baino ez zen. 50eko eta 60ko hamarkadetan, Franco ahul zegoela zabaldu zuten zurrumurruek, eta diktadoreak indartsu jarraitzen zuela erakusten zuen baleak harrapatuz.