
30.000 euroko inbertsioa egingo dute J.M. Torrealdai Kultur Etxea birmoldatzeko. Diru horren zenbatekoaren %92a Bizkaiko Foru Aldundiak jarriko duela jakinarazi du udalak. Egokitzapenak eginez, herritarren gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanei aurre egiteko gai izango den eraikinaren alde egingo du bertoko udalak.
Alde batetik, kultur exeko sarrera ingurua moldatzea da egin beharreko lanetako bat. Bestalde, eraikineko egurra aldatzea, eta etxaurrea zein barnealdea margotzea ere egokitzapenetako batzuk izango dira. Amaitzeko, komunak eta bainugelak berriztuko ditu udalak. Bainugelen kasuan, gainera, dutxak ere jarriko dituzte.
Janire Urkieta Foruko alkateak jakinarazi duenez, “herritarrei zerbitzu hobeak eskaintzea da egokitzapenen helburua, herriko bizitza kulturala indartuz”. Izan ere, denboraren poderioz kultur etxea zaharkituta eta hondatuta dagoela deritzo.