
Patxi Quiroga, Elkarteko idazkari nagusia
Irisgarritasun legea bete arte, pasabidearen proiektua bertan behera uzteko eskatu du Elbarriak Gizarteratzeko Elkarteak (ASINSOC). Horretarako, urriaren 1ean salaketa ipini zuen elkarteak Gernika-Lumoko Instrukzio Epaitegian, pasagune horrek irisgarritasun legeak hausten dituela argudiatuta. Elkarteko idazkari nagusi Patxi Quirogak prentsaurrekoan esan duenez, “argi utzi nahi dugu gure elkartea ez dagoela Urbietako kirol gunera heltzeko pasabidea eraikitzearen kontra; eraiki duten moduaren kontra baizik, eskailera eta guzti”.
Elbarrien kolektiboa diskriminatzen duen azpiegitura berri bat dela esan du, “ezingo dugulako gainerako herritarrek erabil dezaketen baldintza beretan erabili”.
Elkarteak idazkia aurkeztu zuen Gernika-Lumoko udaletxean, 2014ko otsailaren 26an. Irisgarritasuna bermatzeari buruzko lege eta dekretu ezberdinak jasotzen zituen testu horrek, proiektua geldiarazteko eskatuz. Idatziari erantzuna eman zion udalak, martxoan. Haren arabera, pasagune berria gaur egungo loturaren gehigarria da, eta azken hori erabiltzaile denentzako da irisgarria; “instalazio publiko horietara iristea erabat bermatuta dago, eta edozein erabiltzailerentzat da egokia”. Udalaren arabera, pasabide berriak gaur egun dagoen lotura hobetu eta jende bolumena arintzeko balioko du, gaur egungo lotura gunea erabiltzen dutenen mesederako.