
Juan Pablo Dieguez, pultsera hankan jarrita zuela
Urriaren 4an bete zuen zigorra. Orain, bizimodu normala egiten duela azaldu dute haren senideek. Bere alaba Bittori Dieguezek azaldu duenez, betidanik izan dituen ohiturak berreskuratzen ari da. Osasun arazoak ditu Dieguezek, eta azken 3 urteetan batez ere belaunek arazo nahikotxo eman dizkiotela esan du. Hala ere, aita orain pozik dela azaldu du.
6 urte eta bederatzi hilabeteko zigorra bete du Dieguezek; 2011ko urtarriletik aurrera, gainera,
etxean bete du zigorra. Minbizia, belaunetako arazoak –protesiak ditu belaun bietan– eta loaren apnea pairatzen ditu Dieguezek. Minbizia tratatzeko, gainera, radioterapia hartu behar zuen Basurtuko ospitalean. Hori dela eta, baldintzapean eta behin-behinean, zigorra etxean betetzeko baimena eman zioten 2011ko urtarrilaren 20an. Hala ere, zigorra bete arte, bere mugimenduak kontrolatzen zituen pultsera zuen Dieguezek, eta goizetan bakarrik atera zitekeen etxetik.
Zapatuan, 20:00etan, harrera egingo diote Bermeon Juan Pablo Dieguezi. Barikuan, berriz, brindisa egingo dute Santutxun.