
Etenik barik, urtero jokatu ohi den rallya hartuko du, beste behin ere, Gernika-Lumok; aurtengoa 21. proba izango da, eta barikuan eta zapatuan lehiatuko dute. Bizkaiko eta Euskadiko Rallye Txapelketarako puntuagarria den proba horretan, 79 autok parte hartuko dute aurten. Horien artean izango dira Busturialdeko gidari eta kopilotuak ere; guztira, 13.
Barikuan (urriak 10) 18:00etatik 20:30era bitartean, egiaztatze administratibo eta teknikoak egiteko ordua izango dute parte hartzaileek. Ostean, bestalde, Pasealekuan jarriko duten parke itxira eramango dituzte autoak.
Zapatuan (urriak 11) izango dute egun handia gidari eta kopilotuek; erlojupeko lau tarte izango dituen proban parte hartuko dute-eta. Hain zuzen, tarte horietako bakoitzetik bi edo hiru aldiz igaro beharko dira parte hartzaileak; guztira, 92,70 kilometro burutuz. Hain justu, Montekalvo (9,91 km), Mendata (8,9 km), Gernika-Lumo (10,13km) eta Arrieta (8,77km) inguruetatik ibiliko dira.
08:30ean hasiera

08:30ean irtengo da lehen autoa Pasealekutik, eta lehenengo tartea 09:23an hastea aurreikusten dute antolatzaileek, Montekalbon. Gainontzeko autoak minutuz minutu aterako dira bertatik. Goizeko tarte biak egin ostean, lehen bikotea 12:00ak inguruan bueltatu da berriro ere Pasealekuko parke itxira.
Arratsaldean jarraituko dute proba lehiatzen, eta beste bi tarteetan gidatu ostean, 19:15 inguruan lehen parte hartzailea Pasealekuko parke itxira iristea espero du Gernika Racing Elkarteak. Hala, lasterketa bukatuta, 20:30ean, sailkapen orokorreko, sport erregulartasuneko eta Abarth Punto Kopa sailkapeneko sari banaketak egingo dituzte Gernika Racing taldeko ordezkariek, Pasealekuan bertan.
Beste hainbat gidari eta kopilotugaz batera, bertokoak ere euren onena ematen saiatuko dira asteburuan: besteak beste, Alazne Gori (Gernika-Lumo); Juan Carlos Vazquez (Muxika); Ander Learreta (Gernika-Lumo) eta Ivan Muñoz (Gernika-Lumo); Ander Arana (Ereño) eta Arkaitz Kobeaga (Ereño); Egoitz de Luis (Gernika-Lumo) eta Xabat Basterretxea (Gernika-Lumo); Aitor Irazabal (Arratzu) eta Ander Bikandi (Gernika-Lumo); Luis Angel Urionabarrenetxea (Gernika-Lumo) eta Eneko Fuentes (Gernika-Lumo); Inhar Arrien (Busturia).