
Jose Luis Bilbao egungo ahaldun nagusia ordezkatuko luke Rementeria mundakarrak. Proposamena Bizkai Buru Batzarrak (BBB) egin du, 2015eko udal eta foru hauteskundeei begira. Rementeriak Facebooken adierazi du urriaren 7a “egun ahaztezina” izango dela, eta eskerrak eman dizkie Bizkai Buru Batzar osoari eta Itxaso Atutxa presidenteari beraiek agertutako konfiantzagatik. Egungo Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramailearen berbetan, baina, “azken berba 112 herritako EAJko kideek izango dute; beraiek erabakiko dute”.
Rementeria (Mundaka, Bizkaia, 1973) Zuzenbidean lizentziaduna eta Ekonomian diplomatua da. Mundakako alkatea izan zen 2007tik 2013ra. Horrez gain, EAJren legebiltzarkide izan zen 2009tik 2011ra, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkide 2008tik 2013ra.