
Hamargarren urtez jarraian, Erdi Aroko itxura hartuko du Bermeok urriaren 18tik 26ra bitartean. Aurreko urteetan legez, antzinako azoka jarriko dute Alde Zaharrean aurten ere, baina, horrez gain, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, hainbat bisita gidatu ere egingo dituzte. Gainera, aurten, Bermistorianen hamargarren urteurrenagaz bat eginda, suziriak ere izango direla jakinarazi du Aingeru Astui Bermeoko Udaleko kultura zinegotziak.
Guztira, 60 bat saltoki izango dira Erdi Aroan girotutako azokan; hala, gazta, eztia, hestebeteak, txokolateak, bitxiak, loreak, xaboia, kremak eta beste hainbat produktu erosteko aukera izango da. Horretarako, baina, urriaren 18an eta 19an bertaratu beharko du herritarrak Alde Zaharrera; zapatuan goiz zein arratsaldez, eta domekan goizez.
Bisita gidatuak, berriz, urriaren 18an, 19an eta 26an egingo dituzte; lehenengo biak Arrantzaleen museoan, eta azkena Turismo Bulegoan. Horietan parte hartzeko, dena den, izena ematea derrigorrezkoa izango da; izan ere, plaza mugatuak egongo direla azaldu du Astuik. Hala, Arrantzale museoko bisitetarako 94 688 11 71 telefonora deitu beharko du interesatuak, eta Turismo Bulegoko bisitarako, berriz, 94 617 91 54 telefonora. Batekoak zein bestekoak «bisita gidatu oso interesgarriak» izango direla adierazi du kultura zinegotziak; izan ere, horien bitartez, Bermeoko historia ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.
Beste hainbat ekintza
Azoka, suziri eta bisita gidatuez gain, hala ere, beste hainbat ekimen ere bilduko ditu Bermistorianek: «arkuzko tiroaren taldeak antolatutako jaurtiketak, Izaro abesbatzaren kalejira, zeramika tailerrak, loren tailerrak eta kale-animazioa», besteak beste.
Umeek ere izango dute Erdi Aroko Azokak dakarrenaz gozatzeko aukera; oholezko jokoak eta Ludotekak eta Gazteluak eskaintzen dituzten ekintza bereziak izango baitituzte aukeran zapatuan.
Gauzak horrela, Bermistorian antolatzen lagundu duten guztiak eskertu ditu Astuik. Era berean, bermeotarrei zein kanpotik datozenei Bermistorianeko ekintzetan parte hartzeko deia egin die, eta urriaren 17tik 19ra bitartean, Alde Zaharrean ibilgailuagaz ez ibiltzeko eskatu die.
Egitaraua
Azoka
Urriaren 18a. 10:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik.
Urriaren 19a. 10:00etatik 15:00etara egongo da zabalik.
Bisita gidatuak
Urriaren 18a. 12:00etan, Dorre-jauregitik museoa izatera euskarazko bisita gidatua egingo dute Arrantzale Museoan.
Urriaren 19a. 12:00etan, De torre palacio a museo gaztelerazko bisita gidatua egingo dute Arrantzale Museoan.
Urriaren 26a. Un paseo por las casas modernitas, art decó y racionalistas de Bermeo gaztelerazko bisita gidatua egingo dute Bermeoko Turismo Bulegoan, Gorka Perez de la Peña Oleaga arte historialariaren eskutik.
Suziriak
Urriaren 18a. 22:00etatik aurrera, Zaragozana pirotekniaren eskutik suziriak.