
Zapatuan Bilbon egingo den Lomce legearen kontrako kalejirara joateko dei egin dute eskualdeko udal, ikastetxe eta erakunde desberdinek.
Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki, LOMCEri ez, inposizioei ez lelopean 17:30ean elkartuko dira Jesusen Bihotzean.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kalejirekin Espainiako Gobernuak ezarri duen Hezkuntza lege berriaren kontra daudela erakutsiko dute bertoko hezkuntza komunitateetako kideek.
Hezkuntza eredu propioa
Halaber, manifestazio horiek Euskal Herriko hezkuntza eredua eraikitzeko zereginean “abiapuntu” izatea gura dute deitzaileek. Hala, bide horretan pausoak ematea erabaki dutela azaldu dute.
Erakunde desberdinek egin dute zapatuko ekitaldietara joateko deia: Hezkuntza Plataformen Topaguneak, Sortzenek, Ikasle Abertzaleak, Ikastolen elkarteak, ELA, LAB eta EILAS sindikatuek, UEUk, Hik Hasik…
Hain zuzen ere, eragile horietako asko aspalditik dabiltza “inposaketa” honen aurrean ekimen desberdinak antolatzen. Horren adibide dira
Gure Gida izeneko agiria eta Hezkuntza Plataformen Topaguneak biltzen dituen 40 bat plataforma.
Izan ere, iaztik, udalerri askotan egin dituzte LOMCEren inguruko berbaldiak edota mahai inguruak, herritarrei lege horren ondorioak zeintzuk diren azaltzeko. Era berean, Euskal Herriko makina bat udalerrik Lomcerik Gabeko Herria direla alkarrikatu dute.