Ekitaldi solidarioa egingo du Orain Bai Fitness Klubak zapatuan, Bermeon
Bermeoko Orain Bai Fitness Klubak antolatuta, I. Super Saturday Solidarioa egingo dute zapatuan, Bermeon. Ekitaldi solidarioa izango da, eta bertan batzen duten dirua ASPANOVAS Bizkaiko minbizidun haurren gurasoen elkartearentzako izango dela jakinarazi dute. Hala, 09:00etan hasita, eta goizaldera bitartean aspertzek betarik ez da izango herrian.
Hain zuzen, Artza frontoian batuko dira Orain Bai gimnasioko kide eta herritarrak zapatuan; bertan egingo baitituzte egun horretarako antolatutako ekintzak. Hala ere, lehenengo, kalera aterako dira, ASPANOVAS elkarteari babesa adierazi asmoz, lasterka egiteko.
Horren ostean etorriko dira ekitaldi solidariorako antolatu dituzten gainontzeko ekintzak: Body Pump, Step-Fitness, Zumba, Kangoo Jumps koreografia, Pilates, Sh’Bam, Body Balance, Body Combat eta Spinning, besteak beste.
Egun osoan zehar kirola egin ostean eta gorputza mugitzen jarraitzeko, DJ batek jarritako musikagaz dantza egiteko aukera izango dute Artza frontoira bertaratutakoek.
Ekintza horietan parte hartzeko, dena den, izena eman beharko du interesatuak; horretarako, aurretiaz zein zapatuan bertan egin ahalko du inskripzioa.
Egitaraua
09:00etan. Herri lasterketa Bermeotik zehar.
10:00etan. Body Pump 91.
11:00etan. Step-Fitness.
12:00etan. Zumba 51.
13:00etan. Kangoo Jumps Koreografia.
14:00etan. Kangoo Jumps kalean.
16:00etan. Pilates.
17:00etan. Body Pump 91.
18:00etan. Sh’Bam 17.
19:00etan. Body Combat 61.
20:00etan. Body Balance.
21:00etan. Ziklo Indoor Maratoia (Spinning).
01:30ean. DJ batek jarritako musika.
Prezioak
Herri lasterketa. 5 euro.
Ekintza bakarra. 15 euro.
Spinning-a izan ezik, gainontzeko ekintza guztiak. 25 euro.
Spinning-a. 25 euro.
Herri lasterketa, spinning-a eta gainontzeko ekintza guztiak. 40 euro.
Izena ematea
Aurretiaz. Aurretiaz izena eman nahi duenak eguena, hilaren 9a, izango du horretarako azken eguna, eta orainbai.ekitaldiak@gmail.com helbidera bidali beharko du mezua honako datuak zehaztuta: izen-abizenak, telefonoa, herria, federatuta dagoen ala ez eta egin nahi dituen ekintzen zerrenda. Mezua bidali ostean erantzungo du Orain Bai Fitness Klubak kontu korronte zenbakia zehazten.
Zapatuan bertan. Artza frontoiko takilan izango dira salgai sarrerak zapatuan.