
2015. urterako akordioa itxita, Jon Salsamendi gipuzkoarra izango da Urdaibai Arraun Elkarteko entrenatzailea datorren denboraldian. Entrenatzailearen arabera, alde biek hasieratik nahi zuten akordioa zen hori, eta bien aldetik egindako ahaleginek egin dute posible. Hain zuzen, hirugarren urtea izango du gipuzkoarrak Bermeon.
Beste urte batez, Urdaibaiko entrenatzailea izango zara. Zelan sentitzen zara?
Pozik nago; azken finean, bi aldeok nahi genuena egin delako. Gertatzen dena da, hori posible izateko denok egin behar izan ditugula ahaleginak. Elkarteak eta biok nahi izan dugu hasieratik nik taldean jarraitzea, baina nire egoera pertsonala dela eta, laguntza behar nuen, eta eurek eman didate babesa nik Bermeon jarraitu ahal izateko. Izan ere, nik erdipurdika barik, ehuneko ehunean lan egin nahi nuen, eta azkenenengo bi urteetan bezala, proiektua goi mailakoa izan behar zen horretarako. Hori zen garrantzitsua niretzako; beste guztiak baldintzak dira lan hori egin ahal izateko. Hala, asko eskertzen dut ematen didaten aukera. Gainera, kirol proiektu horren erdian gaude; ez hasieran, ez amaieran. Horregatik, jarraitu nahi izan dut nik eta jarraitu nahi izan du elkarteak nigaz. Bide guzti horren erdian, Bermeoko herriaren babesa eta maitasuna jaso dut; bai taldearengan, bai taldea babesten duten enpresengan eta baita herritarrengan ere.
Zer eskainiko diozu taldeari datorren denboraldian?
Ahal dudan heinean, nire dedikazio eta lan intentsitatea hobetzen saiatuko naz. Baditut oraindik, gainera, zenbait kirol erronka betetzeke. Lehiatzeko ilusio oso altua mantentzen dut. Horregatik, uste dot guztiok denboraldi polit batean bilduko garela.
Zeintzuk dira erronka horiek?
Aurten zenbat gauza lortu ditugun ikusita –Kontxako bandera, Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketak eta ligako zenbait estropada–, uste dut oso zaila izango dela hori errepikatzea; hala ere, aurten taldeak lortutako errendimendu maila hori berriz lortzea izango da datorren denboraldiko erronka. Zehazki, aurreko urte bietan lortu ez dugun liga horren bila joatea izango dugu helburu. Aurten ez dugu modurik izan besteen aukera berekin lehiatzeko; beraz, ea datorren urtean aukera berdinak edukiz, gai garen aurtengo maila emateko, eta, ondorioz, liga hori irabazteko hasieratik amaierara arte lehiatzeko.
Zerbait aldatuko al duzu lan egiteko eran datorren denboraldian?
Hori hurrengo urteko taldea eta baliabideak zehazten direnean ikusi beharko dugu. Horrek eragina izaten baitu lan egiteko eran. Nik hasieratik eskainiko diet nire onena emateko borondate hori. Hala ere, argi daukadana da, zerbait ondo ateratzen denean, berriz ere ondo ateratzeko, aldaketak egin behar izaten direla, zentsu batean edo bestean. Arraunean, bizitzan bezala, emaitzak ez dira mantentzen, edo txartu edo hobetu egiten dira; mantentzeko ere, hobetu egin behar izaten da-eta. Nik uste dut taldean hirugarren urtea izanik, informazio gehiago dudala, eta fundamentua ere gehiago izango dudala, baina argi dago, aurtengo bidea egin behar izateko aldaketak egin behar izango ditugula. Ni, behintzat, hobetzearen bila joango naiz.
Herritarren zuganako duten jarrera garrantzitsua omen da zuretzako.
Bai, hala da. Batetik, herritarrek eskertu egin dute nire lana eta Bermeori eskainitako ahalegina, eta, bestetik, zoriondu egin gaituzte lortutako emaitzengatik. Azken finean, sentitu egin dut jendea nirekin gustura dagoela, eta erakutsi didate baita, nigan konfiantza dutela. Bermeotarrak oso argiak dira hitz egiterakoan, eta zerbait txarra esan behar didatenean esaten didate, baina ona denean ere garbi hitz egiten dute. Benetan sentitzen dut babesa, konfiantza, hurbiltasuna eta maitasuna.