
Gloria Guzman, Hegoa institutuko kidea
Mundu zabaleko gizarte mugimendu anitzak batu dira Gernika-Lumoko Astran. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hegoa insitutuak eta EHNE-Bizkaia sindikatuak antolatuta, Globalizazioa, emantzipazio agendak, lankidetza kritikoa eta gizarte mugimenduak izenburu duen ikastaro espezializatua hartu du kulturarako fabrika sozialak. Bertan dira munduko hainbat lekutatik heldutako kooperante-ikasle eta irakasleak, eta urriaren 3ra bitartean izango dira Gernika-Lumon.
Hegoa institutuko kide Gloria Guzmanek dioenez, ez da ohikoena unibertsitateak halako irakasbideak ematea, baina EHUren baitan hirugarren urtez antolatu dute ikastaroa: «Unibertsiatatea bera sistema neoliberalaren parte den arren, goi irakaskuntzan holako ‘oasiak’ aurki ditzakegu». Gainera, hainbat irakasle ari dira parte hartzen formakuntza eredu horretan: «Gizarte mugimenduen ikuspuntua ezagutzen ari dira, mundua beste ikuspuntu batetik ezagutzen ari dira, eta hori kontuan hartzekoa da».
Formazioa ematea da asmoa, baina baita eztabaida eta analisirako gaitasuna sortzea, agendak batzea… «Mundu zabaleko gizarte mugimenduetako kideei zuzendutako ikastaroa da; gero, hemen ikasiko duena nork bere eragin esparrura eraman dezan», azaldu du Guzmanek. Hainbat izango dira ikastaroan aztertuko dituzten gaiak: giza garapena, sistema kapitalistaren analisia, enpresa multinazionalek hegoaldeko herrialdeetan duten eragina, emakumeen parte hartzea gizarte mugimenduetan, gatazka politiko armatuak eta bake prozesuak…

Ikastaroa hartzen
Gai guzti horiek gizarte mugimendu ezberdinen ikuspuntutik aztertzea garrantzitsua dela dio Guzmanek, «gure testuingurua hobeto ezagutu ahala izateko».
Formakuntza emango diete Ertamerikatik eta Hego Amerikatik, Frantziatik, Filipinetatik, Andaluziatik edota Euskal Herritik heldutako aktibistei.