Busturialdeko I. Enpresa Ideia Lehiaketa antolatu dute
Lana bilatzea, lana da programaren barruan, Busturialdeko I. Enpresa Ideia Lehiaketa antolatu dute Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria sailek Urremendi Landa Garapen Elkarteagaz batera. 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute. Horretarako, baina, beraien ideiak aurkeztu beharko dituzte azaroaren 14ra orduko.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdeko eskualdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira, besteak beste, lehiaketaren helburuak.
6.000 euro saritan
Halaber, hori egiten duten proiektu onenak saritzea ere badute xede. Guztira, 6.000 euro banatuko dituzte, eta hiru sari emango dituztela jakinarazi dute. Hala, lehiaketaren irabazleak 3.000 euro jasoko ditu, eta bigarrenak 2.000 euro. Horrez gain, lehen sektoreagaz zerikusia duen ideiarik onena ere sarituko dute 1.000 eurogaz, betiere, aurrekoetan saritua izan ez bada.
Sari horiek banatzeko hainbat irizpide izango ditu kontuan epaimahaiak; esate baterako, berritzaile izaera, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna. Halaber, bideragarritasunaren, enplegua sortzeko daukan potentzialitatearen eta sortutako lanpostuen kalitatearen eta ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko daukan gaitasunaren arabera ere sarituko dituzte.
Bestalde, Busturialdean proi- ektu hori gauzatzeko aukera egotea edo eskualdean proiektu horrek izango lukeen egokitzapena izango dira kontuan izango dituzte beste irizpide batzuk. Azkenik, proiektuaren definizio garapen mailari eta proiektuaren jasangarritasunari ere jarriko diote arreta epaileek.
Sari banaketa datorren abenduaren 19an egingo dute, baina azaroaren 14a izango dute parte hartzaileek beraien proiektua eta dokumentazioa aurkezteko azke- nengo eguna. Hala, izena emateko fitxa beteta, aparteko gutunazal itxi batean ideia aurkezten dutenen datuak, NANren fotokopia, Curriculum vitae-a eta aurkeztutako ideiaren titulua dira parte hartzaileek aurkeztu beharko dituztenak –dokumentazio guztia paperean–.
Izena emateko lekuak
Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzua (GIZ). Tokia: Gizarte eta Kultura Etxea; Helbide elektronikoa: giz@bermeo.org; Telefonoa: 94-617 91 58.
GernikaLumoko Gazteentzako Informazio Bulegoa. Tokia: Foru Plaza z/g; Helbide elektronikoa: gazteger@sarenet.es; Telefonoa: 94-627 02 15.
Busturialdeko Herri Txikien Gazteria Zerbitzua (URREMENDI LGE). Tokia: Gernikako plaza; Helbide elektronikoa: gazteria@urremendi.org; Telefonoa: 94-625 76 09.