
Ariatzarrek Santa Kurtze jaien barruan antolatutako Ziriloren Desafioa arrakastatsua izan da aurten ere. Ariatza (Muxika) auzotik Bizkargi gainera nor azkarrago igo zen erronka; eta, joan den asteburuan hamar parte hartzaile ausartu ziren Bizkargiko maldetan gora korrika egitera. Desafioa Zirilo muxikarraren omenez antolatzen dute auzotarrek. Duela 45 urte inguru, Zirilok apustu egin zuen zaldizkoa baino lehenago baietz heldu Bizkargi gainera, eta irabazi egin zuen. Hain zuzen, 33 minutu behar izan zituen mendi horretako baselizara heltzeko.
Ariatzarrek iaz antolatu zuten lehenengoz desafioa. Orduko horretan, Imanol Goñik ezarri zuen errekor berria: 30 minutukoa. Aurten, baina, Josu Uriarte markinarrak errekorra hautsi du berriro, 29:58ko denbora eginez. Iaz, bestalde, bigarren postuan sailkatu zen. Goñi iazko irabazleak, bestalde, ez zuen egun ona izan, eta laugarren sailkatu zen, Uruarteren, Gaizka Itzaren eta Joanes Goitisoloren atzetik.

Itza muxikarra bigarren sailkatu da aurten, eta Zirilo herrikidearen denbora hobetzea lortu du. Marka gainditu duen lehen muxikarra da Itza.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “korrikalariak asko prestatzen dira” gaur egun, eta korrikalarien marketan nabari daiteke hori. Izan ere, bi urtez jarraian errekorra hobetu dute. Antolatzaileak pozik azaldu dira probak izan duen harreragaz. Diotenez, “parte hartzaileek gustura amaitu zuten desafioa, eta giro ederra izan genuen auzoan”.
Sailkapena
1. Josu Uriarte (Markina-Xemein): 29:58
2. Gaizka Itza (Muxika): 31:11
3.Joanes Goitisolo (Gernika-Lumo): 31:20
4. Imanol Goñi (Natxitua; Ea): 31:30
5. Roberto Flores (Gernika-Lumo): 34:59
6. Arkaitz Castañares (Gernika-Lumo): 36:43
7. Asier Bengoa (Gernika-Lumo): 42:09
8. Arkaitz Ibarretxe (Bermeo): 44:43
9.Jose Maria Elola (Donostia; Gipuzkoa): 46:51
10.Iñaki Vara (Bermeo): 47:06