Mape ibai ertzetan egindako leheneratze lanak aurkeztuko dituzte egunotan, Busturian
Eguenean, esaterako, hitzaldia emango dute Altamirako kultur etxean 19:30ean, eta zapatuan ibilaldia egingo dute 09:30ean Altamirako plazatik abiatuta. 12:30erako bueltan izatea aurreikusten dute.
Basoez eta ibaiaz arduratuta, 2012. urtean diru laguntza eskatu zuen Busturiko Udalak Mape ibai ertzetako alboetan leheneratze lanak egiteko eta laguntza hori jaso egin zuten.
Udalak azaldu duenez, zaintza bereziko eremu inguruetan ezin da landaketarik egin metro batzuen baitan; bertan, berezko landareria egon behar da, horrek ura babesten duelako. Landereria horrek, gainera, pinuak eta eukaliptoak bezalako zuhaitzak mozten dituztenean mugitzen den lurra gelditzeko balio du. Halaber, biodibertsitatea babesteko ere garrantzitsua da berezko landareria; desagertzeko zorian dagoen biosiari bere habitata uzteko, esaterako. «Beharrezkoa duen habitat hori apurtu egiten zen Mapeko zati batzuetan, landaketak errekaraino ailegatzen zirelako».
Hala, behin diru laguntza lortuta, lursailetako jabeen baimena eskuratu beharra izan du udalak beraien landaketak bertatik kentzeko. Jabe batzuen baimena badute, eta prozesua martxan jarri dute: orain, Mape jaiotzen den lekutik amaitzen den tokiraino, zati batzuetan, behintzat, landaketarik ez dago. Hala ere, gainontzeko tokietan ere gauza bera egin nahi du udalak, eta espero du hasitako prozesu hau eredugarria izatea aurrerantzean.