
Aurten seigarren biderrez antolatu dute Forutik-Forura mendi martxa; eta, iaz bezala Urdaibaiko mendi lasterketa kopako azkenengo proba hartuko du bertoko herriak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, internet bidez izena emateko epea bihar (irailak 24) zarratuko dute. Hala ere, antolatzaileek iragarri dute probaren egunean bertan (irailak 28) izena emateko aukera izango dutela mendizaleek. Hain zuzen, 07:30ean zabalduko izen ematea.
Aldez aurretik izena ematen dutenek, zortzi euro ordaindu beharko dituzte martxaren kasuan. Mendi lasterketari dagokionez, bestalde, federatuek hamabi euro ordaindu behar dituzte, eta federatu ez direnek hamabost euro.
Probaren egunean bertan izena ematen dutenek hamalau euro ordaindu beharko dituzte martxaren kasuan eta hamazazpi euro lasterketaren kasuan.
Parte hartzaileek 28 kilometroko ibilbideari egin beharko diote aurre. Probaren ezaugarri zehatzak Haitz Biribil elkartearen webgunean daude.
Joanes Goitisolo sailkapenaren buruan
Urdaibaiko Kopako lehen lau lasterketak jokatuta, Joanes Goitisolo sailkapenaren buruan dago 143 puntugaz. Gernikarrak hamahiru puntuko aldea dauka Ibon Gurtubaiekiko. Hirugarren postuan, bestalde, Jokin Etxebarria dago. 127 puntu dauzka Etxebarriak.
Goitisolok garaipena eskuratuz gero, bigarrenez irabaziko luke Urdabaiko Kopa.