
Haren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuten domekan Ibarrangelun. Hark gurako lukeen moduan, meza nagusia eta herriko Lorea dantza taldearen eta Iurretako taldearen emanaldiak egin zituzten. Gero lore eskaintza egin zioten.
Herriko abadea baino askoz gehiago izan zen Don Domingo Zuluaga Ibarrangelun. “Euskal zaletasuna, kultura eta herriarekiko maitasuna” erakutsi zizkien ibarrangelutarrei, eta hark udalerrian utzitako ondarea handia izan da. Duela lau urte hil zen, baina, herritarren artean haren oroimenak bizirik dirau.
Zuluaga 1914ko irailaren 18an jaio zen Zubieta Behekoa baserrian. Herriko eskolan ikasi ostean, Gasteizko seminariora joan zen. Han, besteak beste, On Jose Barandiaran eta Manuel Lekuona izan zituen irakasle. 1940an egin zen abade, eta Iurretan eta Durangon hainbat urtez egon ostean, 1949tik 1989ra Ibarrangeluko eta Akordako elizen ardura izan zuen.
Don Domingok sortu zuen Lorea dantza taldea. Hain zuzen ere, aurretik Iurretan abade zela ikasi zituen dantzak, eta ondoren bere sorterrian han ikasitakoa erakusten ibili zen. Halaber,
Ibarrangelu kantu eta kontu liburuan udalerriko kantak, ipuinak, esaerak eta pasadizoak ere bildu zituen.
Herritarrei laguntzen
Ekarpen handia egin zion Ibarrangeluri, eta gaur egun ere esker onez gogoan dituzte haren lana eta izaera berezia. Esaterako, haren lanari esker, urtez urte, etxez etxe gabon kantak, Santa Ageda edota herriko kanta zaharrak kantatzen dituzte. Ezagutu zutenek Don Domingo pertsona «zintzo eta zuzena» zela nabarmentzen dute, beti «fin eta indartsu», etorkizunera begira.

Ibarrangeluarrek sotana soinean eta bere Renault zurian gogoratzen dute oraindik ere. Baita, sotana etxean utzi eta elkarrekin egindako irteerak, institutuko ikasleei emandako latinezko klaseak, txistua jotzen eta dantzatzen erakusten, katekezian kontatzen zituen ipuinak… Zinea ere Don Domingok ekarri zuen herrira, eta inguruetako herritarrak Ibarrangelura joaten ziren domeka arratsaldetan zinea ikustera.