Arriboletako kala garbituko dute boluntarioek domekan, Bermeon
Domekan 09:30ean bilduko dira boluntarioak Arriboletako aparkalekuan, eta egunean zehar kalan dauden plastikoak, sokak, sareak, arrantza-tresnak eta bestelakoak batzen ariko dira. Hala ere, hori baino lehen, azalpen txiki bat emango dute Fundazioko kideek, eta, ondoren, materiala banatuko dute lanean hasi ahal izateko.
Hainbat boluntaro jardunaldi egiten ditu urtean zehar Lurgaia Fundazioak; maiatzean, esaterako, Gaztelugatxeko San Juan ingurua garbitzen aritu ziren. 30 lagun batu ziren orduko hartan, eta kostaldeko bi kilometrotan 32 sastar boltsa batu zituzten.
Izan ere, Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailaren arabera, «kostaldean itsasoak ekarritako hondakin eta zabor kopuru handia pilatzen da; batetik, jatorri naturala duten hondakinak daude, eta, bestetik, gizakiak sortutakoak». Halaber, itsas hondakin horiek «kezka handia» sortu dutela azaldu du, «itsas ekosistemak eta paisaia bera ere asko kaltetzen dituztelako».
Hala, jardunaldian parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei, eta, era berean, erropa eta zapata erosoak, txapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzkitako krema eramatea gomendatu du.
Parte hartu nahi duenak, beraz, izena eman beharko du telefonoz (94 657 61 10-656 703 496-606 141 837) zein korreo elektronikoz (info@lurgaia.org).