Babes Ofizialeko hiru etxebizitza esleituko dituzte Bermeon
Beruala sozietate publikoak jakinarazi duenez, Bermeoko Atalde kaleko 35. atarian Babes Ofizialekohiru etxebizitza esleitu nahi dituzte; hala, bere garaian onartutako zerrendako pertsonek irailaren 30era arteko epea izango dute horietako batean interesa agertzeko.
Hain zuzen, Etxebidek 2010eko abenduaren 15ean egin zuen etxebizitza horiek esleitzeko zozketa, eta, orain, jabe gabe geratu diren hiru etxebizitza horiek esleitu gura dituzte. Bermeoko Udalak azaldu duenez, etxeak baino interesatu gehiago izango balira, zerrendaren hurrenkera errespetatuko litzateke.
Berualak gutun bidez eman zien aipatu zerrendako pertsonei hiru etxebizitza horien berri; dena den, geroztik, denbora luzea igaro dela iritzita, eta oraindik etxe guztiak eleitu ez direla kontuan hartuta, Etxebideko promozio horretako zerrendako pertsonei jakinarazi die irailaren 30era arte izango dutela etxebizitzarekiko interesa agertzeko aukera.
Izan ere, epe hori bukatuta, zerrenda itxi egingo dutela adierazi du Berualak; hala, «zerrendaren eskubideak bertan behera geratuko dira, eta salmenta zuzena hasiko da baldintzak betetzen dituztenen artean».
Etxebizitzok trastelekuagaz eta garajeagaz saltzen direla gogora ekarri gura izan du Bermeoko Udalak.