
Aixerrotapek antolatuta, zapatuan egin zuten Jabi Amorrotu memoriala martxa zikloturista. Beteranoak, afisionatuak, profesionalak eta profesional izandakoak batu ziren, hemengoak eta kanpokoak. Tartean, Beñat Intxausti eta Aritz Orbe txirrindulari profesionalak. Busturialdeko eta Lea Artibaiko txirrindulariak ez ezik, Euskal Herriko hainbat herrietako lagunak elkartu ziren. Gainera, partaideen artean kanpotik etorritakoak ere baziren, katalanak esaterako.
9:00ak inguruan atera ziren Gernika-Lumoko Merkurio Iturri paretik. 105 kilometroko ibilbidea egin ostean hasitako leku berean amaitu zuten martxa. Hantxe zituzten zain, antolatzaileak, herritarrak eta gertukoak. Azkarrenek hiru ordu baino gutxiago behar izan zituzten ibilbidea egiteko.
Taldeka heldu ahala, antolatzaileek emandako detailetsoa jaso eta bokadutxo bat hartzeko aprobetxatu zuten. Ibilbidean zehar ere izan zuten horniketa leku bat, 55. kilometroan, Aulestiko Murelaga auzoan.
Beste partaideen zain zeuden bitartean, herriko kiroldegian dutxatzeko aukera ere izan zuten askok. Gero, azken taldetxoa heldu ostean, sari banaketa eta zozketak egin zituzten. Ardo, txaparan eta cava boteilak, txirrindularitzarako materiala, arrain kontserbak etab zozkatu zituzten. Tartean, Beñat Intxaustik egunean bertan emandako Movistar taldeko materiala. Giro onean, barre algara artean egin zituzten sari banaketa eta zozketa.
Antolatzaileek eskerrak eman zizkieten txirrindulariei eta martxaren antolakuntzan lagundu dieten guztiei. Halaber, datorren urtean ere parte hartzeko deia egin zieten guztiei. “Aurten 250 bat lagun batu gara, ea datorren urtean 300 elkartzen garen”, esan zuten antolatzaileek.