Guraso eta etorkinen artean euskara areagotzea da Bermeoko Udalaren helburua
Hala, horientzako euskara eskolak jarriko ditu abian, beste behin ere, urritik ekainera; hartara, egunerokotasunean euskara erabiltzeko erraztasunak emanez.
Udalaren arabera, gurasoen zeregina garrantzitsua da hizkuntzaren transmisioan; hala, gurasoek zenbat eta gehiago jakin euskaraz, seme-alabei transmitituko dieten hizkuntza aberatsagoa izango da. Era berean, seme-alabek etxean eta hurbileko inguruan ikasitako hizkuntzan oinarri sendoagoak izango dituzte.
Hori horrela, seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetasunak landuko dituzte ikastaroan, eta ulermena eta berba egiteko lotsa galduta, testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasiko dute.
Etorkinentzako ere, Euskal Herrian bizitzeko euskara ikastea «lagungarria» dela deritzo Bermeoko Udalak; «izan ere, euskara jakiteak hartu-emonak errazten ditu, eta aukerak eta bideak zabaltzen ditu».
Hala, ikastaro horiek «komunikatzeko oinarrizko gaitasuna» lor dezaten emango dituzte; «horrela, euskaraz lehen berbak esaten ikasiko dute ikasleek, eguneroko bizitzan erabiltzen diren berbak eta esaldiak praktikatuko dituzte…». Udalak jakinarazi duenez, aurreko urteetako ikastaroei esker, etorkin ugarik izan dute euskaraz berbetan ikasteko aukera, eta zentsu horretan aurrerapauso handia eman dela nabarmendu du.
Ikastaro batean zein bestean parte hartu nahi duenak izena emateko epea irekita izango du Berh@az bulegoan irailaren 30era arte.