Udal zerbitzuen kritikei erantzun die Gernika-Lumoko alkateak
Irregulartasun larriak salatuz, prentsa oharra bidali du Gernika-Lumoko Eusko Alderdi Jeltzalea udal taldeak. Horien esanetan, Bilduren udal gobernuak milioi eta erdi euro baino gehiago ordaindu dizkio Ariatza Jardines enpresari, inolako kontraturik egin barik. Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok, baina, gezurtatu egin ditu jeltzaleen salaketak. «Areatza enpresari egiten duen lan bakoitzagatik ordaintzen dio udalak. Gainera, orain bi hilabete atera zuen udalak lorezaintza lanak egiteko eskaintza lehiaketa publikora, eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean publikatuta dago». Harrituta dagoela esan du, jeltzaleek hori jakin ez dakitelako, eta haien «interes falta» kritikatu du.
Era berean, Gorroñok azaldu du Ariatza Jardines enpresak Gernika-Lumoko udalarentzat lan egiten duela EAJ gobernuan zegoenetik: «Haiengandik oinordetzan hartu dugun enpresa da, eta, egin beharreko lana modu egokian egiten duenez, gu ez gara inor zerbitzu hori bazter uzteko».
Era berean, gaur egun, orain 8 urte zuten aurrekontu bera dutela argitu du Gernika-Lumoko alkateak, «eta lau hektarea gehiagoren mantenua egiten dugu orain».
Komunikazio zerbitzua
Baina Gernika-Lumoko Udalaren lorezaitzarena ez da izan Gernika-Lumoko EAJk kritikatu duen zerbitzu bakarra. Izan ere, udalaren komunikazio zerbitzua ere jomugan ipini dute jeltzaleek. Diotenez, «Bilduren udal gobernuak 254.925 euro ordaindu dizkio LC Consultores komunikazio enpresari, inolako kontraturik izenpetu gabe». Gogoratu dute, gainera, ez dela jokabide hori salatzen duten lehen aldia.
Kritika horri ere erantzuna eman dio Jose Mari Gorroñok. Alkatearen berbetan, Gernika-Lumoko Udalak komunikazio enpresari hilean-hilean ordaintzen dion diru kopurua 1.930 eurokoa da. Zerbitzu horiek kontratatzeari buruz, bestalde, alkateak esan du komunikazio zerbitzu hori konfiantzazkoa izan ohi dela. «Eusko Alderdi Jeltzalea gobernuan zenean beste enpresa batzuei ematen zien zerbitzua, eta, esan beharra dago, kontratazio haien kostua gaur egungoa baino handiagoa zela».