
Goitisolo, Euskal Herriko Txapelketako podiumean
Idiazabalgo Axari Trail mendi lasterketa irabazi du Joanes Goitisolok (Gernika-Lumo, 1992), 23 urtez azpikoetan. Beraz, etxera ekarri du Euskal Herriko txapela. Orain, Koparen bila doa Arrolape Mendi taldeko korrikalari gaztea.
Idiazabalen jokatu den Euskal Herriko Txapelketan garaipena lortu duzu, 23 urtez azpikoetan. Pozik?
Bai, pozik. Helburua txapelketa irabaztea zen, baina maila oneko korrikalariek parte hartu zuten nire kategorian. Hala ere, ahalik eta ondoen egin, eta arazoak izan arren, azkenean ondo atera zitzaidan.
Zein motako arazoak izan zenituen?
Lasterketa erdirarte nire erritmoa gainditu nuen, esfortzu handiegia egin nuen eta gero sufritzea tokatu zitzaidan. Hala ere, hasierako tartean abantaila nahiko handia atera nien besteei, eta helmugara lehenengo heltzea lortu nuen horri esker.
Bi ordu eta 23 minutu. Marka ona al da Joanes Goitisolorentzat?
Beno, ona, baina nire aurreikuspenetatik abiatuta nahiko eskasa. Bi aste lehenago han egon ginen, entrenatzen, eta bi ordu eta 28 minutu egin genituen. Lasterketan, baina, gehiago estutzen duzu, eta bi ordu eta 12-15 minutu bitarteko marka egitea zen nire asmoa. Dena den, pozik. Izan ere, lasterketaren erdirarte 10. sailkatu denarekin joan nintzen. Beraz, horregaz geratzen naiz.
Sailkapen orokorra kontuan hartuta, 154 korrikalaritik 23 postua eskuratu duzu.
Bai, ez dago txarto. Beti ematen dut nik dudan guztia eta hori nabarmenduko nuke.
Euskal Kopan ere bazabiltza. Koparen bila aurten?
Bai. Sailkapen orokorrean zenbatgarren postuan nagoen ez dakit, lehenengo hamarren barruan artean uste dut; baina 23 urtez azpikoetan lehenengo postuan nago, eta hor mantentzea da nire helburua Kopa bukaeran.
Zenbat lasterketa falta zaizkizu?
Bi lasterketa. Bi aste barru Olaztiko (Nafarroa) lasterketa lehiatuko dut, Urbasara igoera, eta urriaren 19an dugu azken karrera, Gorbeara igoera. Horiez gain, bertikalen txapelketa ere badut urriaren 4ean, Araian (Nafarroa) eta Urdaibai Kopako finala irailaren 28an Foruan (Bizkaia). Azken horretan, Urdaibai kopako garaipena dut jokoan.
Nola ikusten dituzu Euskal Kopako azken bi lasterketak?
Ba Olaztikoa korrika egiteko dudan eragatik aproposa da niretzat, eta bertan garaipena lortuta nire mailako lehenengo postua bermatuko nuke, hiru garaipeneko aldea izango nuke-eta bigarrenarekiko.
Inoiz lehiatu al duzu Olaztiko lasterketa?
Bai, iaz, eta oso ondo atera zitzaidan. Gainera, lasterketa aproposa da niretzako. Jaitsiera teknikoak eta zailak dituen proba da, eta askoz hobeto konpontzen naiz holako egoeratan. Idiazabalgo lasterketan belar artean, landetan zehar, lehiatu genuen lasterketa, eta ez nintzen hain ondo konpondu.
Olaztiko probara bitartean, entrenamendu berezirik egingo al duzu?
Entrenamendu gogorrak eginak daude eta ez dugu askorik hobetuko orain. Zapatuan Ariatzan (Muxika) egingo duten igoeran parte hartuko dut, eta entrenamendu modura hartuko dut. Maila eta gorputzaldia mantentzea da asmoa, pisua eta nekea kontrolatzea, lasterketa garrantzitsuak baitira falta zaizkidanak.
Euskal Herriko Kopa etxera ekartzeak ilusioa egingo lizuke, ez da hala?
Bai, bai, ikaragarria litzateke. Euskal Herriko Txapelketa irabazteak ere ilusio handia egin dit.
Eta, Koparen ostean?
Aste pare batean deskantsua hartuko dut eta, gero, krossak eta asfaltoko lasterketak egingo ditut, arintasuna irabazteko. Izan ere, mendian, indarra eta erresistentzia irabazten dituzu, baina ezinezkoa da arintasuna hartzea. Gero, neguan, mendiko eskia egingo dut, eta ea lasterketaren batean parte hartzerik dudan, Izabako Euskal Herriko mendiko Eski Txapelketan, eta Frantzian egiten den Altitoy-Ternua mendi eski proban, esaterako.