
Zubixa eta gainontzeko herriko tabernak libre uzteko eskatu zuten hainbat mutrikuarrek joan den barikuan, Libre, epaiketarik ez lelopean egindako agerraldian. Libre dinamikaren elastiko eta zapi laranjak soinean, uztailaren 30ean Espainiako Auzitegi Nazionalak herriko tabernen kasuan hartutako erabakiaren inguruan aritu ziren Mutrikuko herriko tabernaren aurrean.
Uztailaren 30ean kaleratutako epaiak espetxe zigorra betetzera zigortu ditu Herriko tabernen kasuan Batasunan aritutako 20 mahaikide –Karmelo Landa eatarra eta Jon Martinez Sukarrietako bizilaguna izan dira auzipetuetako bi– eta Euskal Herri osoko 111 herriko taberna ixteko agindua eman zuen. Busturialdeari dagokionez bi taberna daude tartean: Bermeoko Bola Toki eta Gernika-Lumoko Arrano. Dagoeneko, Espainiako Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiaren aurka agertu dira bi herri horietan, herriko tabernak ez ixteko eskatuz.
Bestalde, herriko tabernen kasuan lanean ari diren abokatuek errekurtsoak aurkeztuta dituztela azaldu zuten Mutrikuko Zubixa aurrean egindako agerraldian. Gernika-Lumoko eta Bermeoko herriko tabernen kasua daraman abokatuak azaldu duenez, esaterako, herri horietan ez dago ezer aurreikusita. Epaia hartuta, Espainiako Auzitegi Gorenari kasazio helegitea jartzeko eskaera egin diote, eta erantzunaren zain daude. «Erantzuna izandakoan jakingo dugu zein datarako aurkeztu behar dugun helegitea», esan du defentsa abokatuak.