Gaur goizean egin dute estropadaren aurkezpena, eta bertan jakinarazi dutenez, 18:00etan hasiko da lehia. Azaldu dutenez, hiru txandatan banatuta, 12 traineruk hartuko dute parte zapatuko estropadan. Lehenengo playy off-a jokatuko dute Zumaia, Getaria, Samertolameu eta Amegrove taldeek, eta ondoren egingo dute arraun Zierbena, Pasai Donibane, Portugalete eta Tiran taldeetako arraunlariek. Bukatzeko, bigarren txandan ariko dira Cabo da Cruz, Hondarribia, Kaiku eta Orio.
Idurre Bideguren herriko alkateak «ohore handiz eta ilusioz» hartuko du “lehen mailako ikuskizun inportante” hori zapatuan. Bermeoko Arraun Elkarteak lehiatzerik izango ez duen arren, argi du kirol ekintza ez ezik, jai giroan murgildutako ekitaldia izango dela, “orain arte izan ohi den bezala”. Hala, herri ezberdinetako arraun zale guztiak gonbidatu ditu aipatu kirol ikuskizuna ikustera.

Era berean, Bermeoko taldea goraipatu gura izan du, «fisikoki ezaugarri ezinhobeak erakusteaz gain, bestelako gaitasunak, indarra eta kemena erakutsi duelako». Alkatearen arabera, «beraien jarrera eta gaitasunari esker, oztopoz betetako denboraldi batean, arrauna maitatzen eta gozatzen» jarraitzen du herriak.
Halaber, Bidegurenek dio momentu txarrenetan emaitza onak lortzea posible dela erakutsi dutela Bermeoko arraunlariek, eta, horrenbestez, itsasoan duten trebetasuna argi geratu dela.
Agustin Aranburu Bermeo Urdaibai Arraun Elkarteko presidenteak, bere aldetik, herritar guztiei eskatu die «kiroltasunez eta errespetuz jokatzeko» zapatuko estropadan, «gainontzeko taldeetako jarraitzaileek euren etxeetan egin duten bezala».
«Denboraldi bikaina egin dugu eta estropada hala bukatzea gurako genuke, txarrean eta onean egoten dakigula erakutsiz», adierazi du.
Era berean, arraunlariek eta herritarrek egindako ekarpenak eskertu ditu, horiei esker lortu baitu Urdaibaik uretan egotea beste urte batez.