Abenduan bukatuko dituzte Bermeoko portuko kontradikea konpontzeko lanak
Horrez gain, olatu-hormarako sarbidea zapatuan, hilaren 20an, zabalduko dutela jakinarazi dute. Frantxuatako arrantzaleen lonjak birgaitzeko abian jarritako obrak, bestalde, urriaren lehenengo astean amaituko dituzte.
Hain zuzen, Bermeoko portuko hegoaldeko zona berreraikitzeko kontradikeko geruza nagusia indartzea izan da Jaurlaritzaren helburua; hartara, olatuaren indarra jasateko. Hori horrela, “Xixili kontradikean sortzen diren presioak gutxitu egingo dira, inguruan segurtasun handiagoa bermatuz”, Oregiren arabera.
Horretarako, hormigoizko 3.137 bloke kubiko erabiliko dituzte, 8 tona masatan eta geruza osatzeko 2 bloke jarriko dituzte koroa gisa.
Frantxuetako kai-muturrean, berriz, 3.000 bloke baino gehiago jarriko dituzte. Dagoeneko, lekualdatu dituzte horiek, eta, orain, bukaerako lanekin dabiltza; alegia, barandak, eskailerak eta argiztapena instalatzen, besteak beste. Behin bertako lanak bukatuta, arrantzaleen lonjak birgaitzeari ekingo diote.