Santa Eufemia eguneko baserri giroko azokak arrakasta izan du aurten ere Bermeon. Eguraldiak lagunduta, hainbat izan dira Lameran jarritako saltokietara bertaratu direnak. Goizetik eguerdira bitarte, euskal produktuen salerosketa gailendu da Bermeon; gazta, patea, ortuariak, sagardoa eta txakolina, pastelak eta beste hainbat izan dira bertan salgai jarritakoak. Urtero legez, gainera, okela dastatzeko aukera ere izan da.
Batzuk saltokiz saltoki zenbiltzan bitartean, beste batzuk Santa Eufemia enparantzan izan dira, Udalbatzagaz, Aiarako Musika Bandagaz, Bermeoko Erraldoien Konpartsagaz eta Bermeoko txistulariekin dantza egiteko aprobetxatuta. Enparantza berean, herriko baserririk zaharrenetarikoa omendu dute; hain zuzen, Tribis baserriko Espe Ugalde, Maria Belen Kortzar eta Maria Antonia Olanok jaso dute oroigarri bana.
Horren segidan, Gaztelu ingurua bertso doinuez girotu dute Miren Amurizak, Onintza Enbeitak eta Iratxe Ibarrak, etxeetako balkoietatik kantari arituta. Bitartean, txosnetan, herri probetan lehiatzen jardun dute zenbait lagunek.
Arratsaldean, eskupelota partiduak izango dira, eta gauean, Xixiliri azken agurra egiteko batuko dira Bermeoko portuaren inguruan herritarrak. Ohiturari jarraiki, Xixili erreaz, suziriekin jaiak hurrengo urtera arte agurtuko dituzte.