
Bidegorria egiteko lanak, Iparragirre kalean
Gernika-Lumo iparraldetik hegoaldera zeharkatuko duen bidegorria egiteko obrak hasi ditu udalak. Hain zuzen, Mestikabason hasi eta Iparragirre kalean egingo dute bidegorriaren lehen zatia, Gurutze Gorriko semaforo pareraino. Lurgorrin hasi eta Santanape kiroldegiraino joango da bidegorria. Hain zuzen, Mestikabaso, Iparragirre, Don Tello, Santanape, Karlos Gangoiti, Juan Calzzada, Fray Martin de Murua eta Karmelo Etxegarai lotuko ditu. Herriko muturretan, bestalde, ondoko herrietara hedatu gura duten bidegorriarekin lotuko dute Gernika-Lumokoa –Muxikarantza eta Forurantza–.
Proiektu osoa burutzeko, Gernika-Lumoko Udalak 300 mila euroko aurrekontua beharko du, gutxi gorabehera. Beraz, zatika egitea da asmoa, udalaren baliabide ekonomikoen arabera. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari ere diru laguntza eskatu dio Gernika-Lumok, eta erantzunaren zain dago.
Herritarrek eskatuta garatu du udalak bidegorriaren egitasmoa. Ingurumen arloko zinegotzi Jose Ramon Bilbaok azaldu legez, “gure ustez, honaino ekarri gaituzten urratsak egokiak izan dira, espero baino motelago eman badira ere”. 2012an amaitu zuen udalak Mugikortasun Plana, eta horretan jaso zuten Gernika-Lumoko bidegorria. Plan hori oinarri hartuta, bidegorriaren egitasmoa prestatu zuen Ingurumen sailak iaz, eta aurten hasiko dituzte obrak. “Mugikortasun jasangarria bultzatzea eta irisgarritasuna bermatzea izan dira, beti, gure lehentasunak. Bidebus zerbitzua hor dago, herriko auzoak erdigunearekin eta herriko zerbitzuekin lotzeko”. Astrako aparkalekua eta Urbietako pasabidea ere irisgarritasuna hobetzeko egin ditu udalak, eta helburu horri lagunduko dio, baita, bidegorriak.