
Etxean 38-31 irabazi dute Blusens Vigoren kontra, eta horri esker denboraldiko lehenengo bost puntuak lortu ditu taldeak.
Aurkariak gogor hasi ziren lehian, aurrealdean lan ona eginez eta basurdeak estutzen. Etxeko taldea, baina, ez zen kikildu eta galiziarren lehen erasoak defendatzen jakin zuen. Horrela heldu zen etxekoen lehen entsegua, partidako laugarren minutuan. Horren ostean ere Vigoko jokalariek erasoan jarraitu zuten, eta lehen zatia nahiko berdinduta joan zen markagailuan. Atsedenaldiaren aurretik, Eneko Insunza gazteak egin zuen etxekoen hirugarren entsegua. 18-17-ko markagailuarekin heldu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian erabat aldatu ziren gauzak; basurdeak etengabeko presioan zebiltzan, ausart eta erasokor. Bigarren partea hasi eta bost minutura Iñigo Olaetak laugarren entsegua egin zuen. Gero, Iker Olaetak egindako bosgarren entseguarekin garaipena etxean geratuko zela zirudien. Baina, galiziarrak ez zeuden amore emateko prest, eta markagailua berdindu gura zuten. Hala, 30-31 jarri ziren partidua amaitzeko hamar bat minutu gelditzen zirenean. Baina, Koldo Barandiaran basurdeak etxekoen seigarren entsegua egin zuen norgehiagoka amaitu baino hiru minutu lehenago, eta etxekoentzat izan zen garaipena.