
Estropada ikusgarria egin zuten atzo Bou Bizkaia-ko arraunlariek, eta aurreko domekan baino segundu bat gutxiagotan amaitu zuten lehia. Bi jardunaldietan nagusi izan da Urdaibai, eta bi egunetako denborak batuz, orain arte inork lortu gabeko marka egin du.
38 minutu, lau segundu eta 76 ehuneneko denborarekin Kontxako historiako azkarrenak dira bermeotarrak. Eta egun bakarreko errekorra berdintzeko gertu ibili dira. Izan ere, 2006an Castrok egindako egun bakarreko denbora ez du inor oraindik hobetu: 18:59:54.
Aurreko asteburuan egin moduan, erakustaldia eman zuen atzokoan ere Urdaibaik. Joan den domekan hamar segunduko aldea atera zion Kaikuri, eta atzokoan ere horrela izan zen. Hirugarren amaitu zuen Kaikuk, eta Hondarribia bigarrenak, Urdaibaik baino bost segundu pasatxo gehiago behar izan zituen estropada amaitzeko. Atzokoan ere, oriotarrak laugarren egin zuten, bermeotarrengandik hemeretzi minutu eta hogeita bi segundura.
Estropada amaitu berritan, Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak egun borobila zela zihoen. “Bagenekien gure esku zegoela, hamar segunduko errentarekin etorri gara, baina, hori ahaztuta atera gara arraunera, tanda irabaztera eta halaxe izan da. Astea luze joan zaigu, baina eguna ailegatu denean ez dugu hutsik egin, eta demostratu dugu onenak izan garela”.

Agustin Aranburu Urdaibaiko presidenteak arraunlariek egindako denboraldia nabarmendu zuen, eta aurten Kontxan bizitakoa, arraunaren historian “geratuko” dela zihoen. Arraunlariek eta entrenatzaileak egindako lan bikaina nabarmendu zuen. “Mutilak ederto ibili dira, eta baita Jon ere. Uste dut arraunlariek Jonek gura zuena egin dutela eta gaur ospatzeko eguna da”. Halaber, aurten klubak lortutako garaipenak gogoratu gura izan zituen: “170 puntu, lau bandera, hiru txapelketa, trainerilletan ere hirurak…”
Denboraldian zehar egindako lan bikainaren ostean, eta Kontxako banderaren bi jardunaldietan egindako balentriagatik pozak zoratzen zeuden atzo klubeko kide eta herriko arraunzale guztiak.
Arraunlariak ere pozik eta hunkituta zeuden atzo, eta haiei egindakoa eskertzeko atzo iluntzean harrera egin zieten Bermeoko Lameran bermeotarrek. Zale asko batu zen, eta dantzan eta kantuan ibili ziren giro ezin hobean. Jon Salsamendi entrenatzaileak agurra ere dantzatu zuen. Udaleko ordezkariak ere han zeuden, eta guztien izenean Idurre Bideguren alkateak eskerrak eman zizkien arraun talde osoari, eta haiek zein Bermeoko herritarrak zoriondu zituen.
Bigarren jardunaldiko emaitzak:
- Urdaibai 19:01:78
- Hondarribia 19:06:82
- Kaiku 19:11:80
- Orio 19:21:00
- San Juan 19:30:64
- Cabo da Cruz 19:37:14
- Portugalete 19:40:36
- Donostiarra 20:12:44
Donostiako Banderaren Sailkapen nagusia:
- Urdaibai 38:04:76
- Hondarribia 38:21:30
- Kaiku 38:25:32
- Orio 38:43:72
- San Juan 39:08:38
- Portugalete 39:11:60
- Cabo da Cruz 39:16:56
- Donostiarra 40:42:46