
Udako azken jaietariko batzuk dira santakurtzeak, eta urtaroa ondo baino hobeto agurtzeko, ekintzaz beteriko egitaraue dakartzate beste urte batez. Bermeon Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan murgiltzen diren bitartean, Busturialdeko beste hainbat herritan santakurtzeak ospatuko dituzte; hala nola, Errigoitin eta Muxikan.
Muxikan, Ariatza auzoan ospatuko dituzte, betiko legez, Santa Kurtze jaiak. Egun askoko egitaraua izango dute aurretik; bihar hasi eta hilaren 21era arte iraungo baitute ekintzek. Bihar botako dute txupina, eta segidan makailao jana izango dute. Gauean, berriz, porra txapelketa egingo dute lehenengo laurentzako sariekin. Domekan briska txapelketa jokatuko dute, eta astelehenean herri bazkaria egingo dute.
Datozen egunetan, sardina jana, Bizkargira igoera, paella jana, umeentzako jolasak eta dantzak izango dira, besteak beste. Urtero legez, Saragiaren hiletagaz bukatuko dituzte jaiak.
Errigoitin ere, urtaro legez, Santa Kurtze eguna ospatuko dute, eta Bizkaiganen egingo dute, ohi bezala. Santa Kurtze ermitan bilduta, meza izango dute egitarauko lehen aukera, eta, hori bukatuta, trikitilarien, txalapartarien eta bertsolarien doinu eta soinuak girotuko du ingurua. Arratsaldean, berriz, ohitura bilakatutako artzain txakur txapelketa egingo dute.
Bateko egitaraua dutela edo bestelakoa dutela, ondo pasatzeko deia egin diote guztiek herritarrei.
EGITARAUA
Errigoiti (Bizkaigane)
Irailak 14, domeka.
– 11:00etan, meza Santa Kurtze ermitan.
– Ostean, trikitilariak, txalaparta eta bertsolariak.
– 17:00ak aldera, Artzain txakurren txapelketa.
Muxika (Ariatza)
Irailak 13, zapatua.
– 20:30ean, txupina botatzea.
– 20:45ean, bakailao jana. Tartean, trikitilariak.
– 23:00etan, porra txapelketa. Sariak: lehenengoak 50 euro eta txapela; bigarrenak 30 euro eta gazta bat; hirugarrenak 20 euro eta txanpan botila; laugarrenak 10 euro eta txanpan botila. Izena ematea: 3 euro.
Irailak 14, domeka.
– 11:15ean, meza nagusia, Ariatzako koralak abestua. Ostean, pintxoak eta poteoa; trikitilariak ere egongo dira.
– 18:00etan, briska txapelketa. Sariak: lehenengoek 150 euro eta txapelak; bigarrenek 80 euro eta gazta bana; hirugarrenek 50 euro eta laugarrenek 25 euro. Izena ematea: 8 euro. Ostean, txokolate jana.
Irailak 15, astelehena.
– 11:30ean, arimen aldeko meza. Ariatzako koralak abestuta.
– Ostean, poteoa eta pintxoak, trikitilariekin lagunduta.
– 14:30ean, herri bazkaria.
Irailak 19, barikua.
– 20:30ean, sardina jana Onintza Enbeita eta Arkaitz Estiballes bertsolariekin.
Irailak 20, zapatua.
– 10:00etan, Bizkargira igoera korrika. Ziriloen desafioa.
– 12:00etatik aurrera, paella jaia. Herriko koadrilen arteko paella jana, plazan.
– 17:00etan, ume jolasak.
– Ostean, hainbat ekimen entretenigarri.
Irailak 21, domeka.
– 11:30ean, meza nagusia, Ariatzako koralak abestuta.
– 12:30ean, Ibarruriko Baso Txoritxu dantza taldea.
– 13:30ean, Saragiaren hileta.