
Arrano arrantzalea Urdaibaiko enbaxadorerik hoberenetako bat bihurtzen ari da azkenaldian. Asko dira Urdaibai Bird Center-ek abiarazitako arrano arantzalearen berreskurapen proiektua goraipatu duten norbanako, elkarte eta erakundeak; eta, apurka-apurka, nazioartean ere fama irabazten ari da.
Azken adibidea Erresuma Batuko telebista kate publikoarena (BBC) izan da. Hain zuzen, berreskurapen proiektuari buruzko erreportajea grabatu zuten telebista kateko beharginek, The One Show programaren barruan. Telebista programa horrek bost milioi ikusle dauzka, bataz besteko. Hala, bost milioi lagun Urdaibairi begira egon dira erreportajearen bi ataletan.
Batez ere Erresuma Batuan izan du oihartzun handia berreskurapen proiektuak. Izan ere, Urdaibain askatutako arrano arrantzalearen txitoak, Eskoziatik ekarri zituzten uztailean. Hala, lotura berezi bat sortu da bertoko eta hango biztanleen artean.
BBC kateko erreportajea Mike Dilger kazetariak gidatu du. Natura alorrean aditua da Dilger. Haren zuzendaritzapean, telebista kateak bi ataletan banatu du erreportajea; eta emititu dituzte biak.
Lehen atalean Eskoziatik ekarri beharreko txitoak zelan aukeratzen dituzten azaltzen du Dilgerrek. Bigarren atala, berriz, Urdaibain bertan grabatu zuen taldeak, abuztuan. Arrano arrantzaleen txitoak egoera berrira nola moldatzen ziren eta hegaztien askapena grabatu zituzten. Irudi ederrak eta Urdaibai Bird Center-ekoen elkarrizketak tartekatuz, itsasadarreko altxorren berri eman zuen Dilgerrek.
Erreportajearen bi atalak youtube sare sozialean daude ikusgai, Roy Dennis Osprey Spanish Translocation izenburupean.
Bueltatzeko asmoa daukate
Arrano arrantzaleaz gain, Gautegiz Arteagako eraikina ere grabatu zuen BBCko taldeak. Bird Center-ekoek nabarmendu dutenez, “grabaketa taldean parte hartu zuten pertsonak zeharo harrituta geratu ziren”.
Erreportarientzat bisita oso aberasgarria izan zen; eta arrano arrantzaleak Urdaibain txitatzen hasitakoan, berriz bueltatuko direla esan zuten. Hala, berreskurapen proiektua bideragarria dela erakutsi nahi dute.
Ekoturismoa bultzatu
Erresuma Batuan hegaztiekiko eta naturarekiko zaletasun oso handia daukate. Hain justu, milioika lagunek egiten dituzte ekoturismo bidaiak.
Hori dela eta, arrano arrantzalearen berreskurapen proiektua ekoturismoa bultzatzeko aukera oso ona dela deritzote Bird Center-ekoek. “Urdaibain horren harrapari erakargarria izateak balio erantsia ematen dio eskualdeari, bertoko ekonomia bultzatuz”.