
Joan den asteburuan, Muruetako esku pilota txapelketaren finalerdiak eta finala jokatu zituzten bikote parte hartzaileek. Guztietan hoberenak Sestaoko Lopez eta Izurieta izan ziren. Hain zuzen, Lea Motrollo eskolako Urionari eta Atutxari irabazi zieten, 22-11.
Sestaoko eta Lea Motrollo bikoteak ezustekoa eman ostean sailkatu ziren finalerako. Sestaotarrak, esaterako, Zornotzako Etxeberria eta Ajuria 22-5 menpean hartuta eskuratu zuten txartela. Zornotza zen faboritoa, baina partida txarra jokatu zuen bikoteak.
Bigarren finalaurrekoan, bestalde, Lea Ibarrako bikoteak eman zuen ezustekoa. Abadiñoko bikotea txapelketa irabazteko faborito argia zen, baina Uriona eta Atutxa gehiago izan ziren. Partida ikaragarri ona izan zen, eta Urionak nahi bezala jokatu zuen. Abadiñok, hala ere, garesti saldu zuen garaipena. Partida 22-11ko emaitzagaz amaitu zen.
Javi Ondarza Muruetako alkateak azaldu duenez, aurtengoa bosgarren txapelketa da, baina binaka jokatu duten lehenengoa. Banakako partidak ikusgarriak izan arren, arin apurtzen direla deritzo. Hala, aldaketa arrakastatsua izan da.
Pilota zaleek ondo erantzun dutela ere nabarmendu du alkateak. Partidak kalitatezkoak izan ziren eta gozatu egin zuten Muruetako frontoira bertaratutakoek.