
Martitzenean 18:00etatik aurrera profesionalen artekoo beste bi partida jokatuko dituzte Artza frontoian. Batetik, Arretxe II-Iza eta Artola-Apraiz bikoteen norgehiagoka izango da. Horien ostean, Berasaluze II-ak eta Albisuk Olaizola II-aren eta Ibai Zabalaren kontra jokatuko dute.
Urtero moduan, Bermeoko jaietan pilotari profesionalen zein afisionatuen ikuskizunaz gozatzeko aukera dute pilotazaleek. Andra Mari eta Santa Eufemia egunez profesionalen partiduak antolatu dituzte. Domekan, berriz, afizionatuen partidak izango dituzte ikusgai zaleek.
Andra Mari egunean, bestalde, Titin II-Zabaleta bikoteak 22-18 irabazi zien Irujori eta Rezustari. Lehen zatia nahiko berdintsua izan zen. Hain zuzen ere, Irujo eta Rezusta jarri ziren aurretik markagailuan. 18-13ko partzialarekin partidua azken horiek irabaziko zutela zirudien, baina, Zabaleta bere maisutasuna erakutsiz partiduko protagonista bihurtu zen.
Partidu horren aurretik, Retegi II-aren eta Larrinagaren eta Jaunarenaren eta Tolosaren arteko partiduaz gozatu zuten pilotazaleek. Lehia estua egon zen bi bikoteen artean, eta 22-21 emaitzarekin garaipen estua lortu zuten Jaunarenak eta Tolosak.
Afizionatuen partiduak
Santa Eufemia egunaren aurretik ere pilotari afizionatuen jokoaz gozatzeko aukera egongo da. Domekan, 18:00etan hasita lau partidu jokatuko dituzte. Lehenengo bi partiduak umeen mailakoak izango dira. Horiek amaitzean, lau terdian jokatuko dute Txikik eta Kalzadak. Ondoren, Lezamako eta Bermeoko pilotariek arteko binakako partidua egongo da ikusgai. Lezamako Elorriagak eta Bilbao bermeotarrak osaturiko bikotea Lezamako Aurtenetxe eta Bermeoko Astarloaren kontra lehiatuko da.