
Orain dela hiru aste hasi zuten denboraldia 3. mailan, eta dagoeneko hiru jardunaldi jokatu dituzte. Bermeo A futbol taldeak «ilusioz» eta gauzak ondo egiteko «esperantzarekin» ekin dio 2014-2015 denboraldiari.
Hiru partiduetatik bakarra irabazi dute Bermeoko jokalariek, eta beste biak galdu. Zapatuan jokatu zuten partiduan 5-0 galdu zuen Arenasen kontra. Aurreko partiduan, berriz, etxetik kanpo lortu zuten garaipena. 1-3 irabazi zion Bermeok Amurrioko taldeari. Lehenengo jardunaldian, ostera, etxean 0-1 galdu zuten Erandioren kontra.
Lehiatzeko talde «polita» osatu dutela azaldu du Jose Luaces Bermeo futbol taldeko entrenatzaileak. «Gure zaleek sakrifikatzen den taldea ikustea gura nuke; talde langilea, eta baloia duenean irizpidez jokatzen duena», nabarmendu du.
Horretarako prestatu dute denboraldiaurrea, eta horretan lanean dihardute. Bermeotarren entrenatzaileak dioenez, futbolariak ondo entrenatzen ari dira, eta taldeak dituen sentsazioak onak dira.
Uztailaren 18an hasi ziren denboraldiaurrea prestatzen, eta lau aste izan dituzte horretarako. Jokalariak denboraldiaurrera «sasoi onean» heldu zirela esan du Luacesek. Izan ere, udan futbolari bakoitzak lan plangintza zehatza eduki du.
Esperientziadun jokalariak
Hogei jokalarirekin osatu dute taldea. «Ditugun mugak kontuan hartuta ahal dugun taldea dugu, ez nahiko genukeena», esan du entrenatzaileak.
Taldekide asko beteranoak dira, esperientzia eta eskarmentu handikoak, eta hori igartzea espero du Luacesek. Bestalde, hamar jokalari berri etorri dira Bermeora, eta beste horrenbeste kontratu berritu dituzte. Etorritako jokalarietako asko aurretik klubean jokatutakoak dira, herrikoak bertakoak. «Klubarekiko sentimendua eta klubagaz identifikatzen den jendea da». Izan ere, taldeko jokalari gehienak Bermeokoak eta inguruko herrietakoak dira.
«Askok esperientzia gehituko diote taldeari, kategoria ondo ezagutzen duten futbolariak direlako. Bestalde, ilusioa ere ekarri dute. Baina, batez ere, nire ustez, taldeari nortasuna emango diote», azaldu du Luacesek.
Beste alde batetik, iaz taldean egon ziren mutilengan «antsietate» apur bat antzematen duela dio. «Iazko esperientzia ez zen bat ere ona izan. Horregatik, denboraldi amaieran lasai egoteko partiduak goiz eta arin irabazteko antsietate puntu hori daukate». Ondorioz, futbolariek antsietate puntu hori kentzea gura du entrenatzaileak. «Antsietate hori kentzea falta da, jokalariak euren aukeren jakitun izatea, eta futbol zelaian lan egin dezatela. Hori lortuz gero, denboraldi ona egin genezake».
Mailari eusteko lanean
Taldearen helburua 3. mailan mantentzea dela azpimarratu du Luacesek. «Helburua mailari eustea izan behar da, salbatzea; ez dugu beste helbururik. Zenbat eta arinago salbatu, hobeto». Halaber, klubarentzat jokalariak hezten jarraitzea ere bada asmoa edo helburua. Era berean, Luacesentzat garrantzitsua da jokalarien lanaz harro sentitzea. «Pertsonalki, nire jokalariez harro sentitzea, jokalariek egiten duten lanaz harro sentitzea da nire helburua».
Bermeo futbol taldeko entrenatzailearen ustez, aurten alde «oso handia» dago play-offean sartzen ahaleginduko diren eta mailari eusten saiatuko diren taldeen artean. Dioenez play-offean sartzeko lau hautagai argi daude: Arenas, Portugalete, Gernika eta Zalla. «Alavesegaz ere zalantzak ditut, eta lan polita egin dezaketen beste talde batzuekin, Zamudiogaz, esaterako. Beasainen proiektua ere interesgarria da. Gainontzeko taldeak borroka berean gaude», azpimarratu du.
Horregatik, partiduz partidu ahalik-eta puntu gehien lortzen saiatuko da Itsas Ganeko taldea. Momentuz, hiru puntu eskuratuta, hamaseigarren dago sailkapenean. Hurrengo jardunaldian liga irabazteko faboritoetako bat hartuko du etxean, Zalla fubol taldea. Irabaztea zaila izango dela badakite, baina horretan ahaleginduko dira. Gauzak ondo egiteko taldeak duen ilusio eta esperantzarekin joko ona erakusteko lanean dabiltza.