
Uda sasoian bisitarien kopuruak gora egin du Bakearen Museoan; eta ute osoko datuak ere positiboak dira. Abuztura bitartean 27.246 bisitari izan ditu Gernika-Lumoko museoak. Iratxe Momoitio zuzendariak balorazio ona egin du. Gainera, bisitariak pozik ateratzen direla dio: “Museoak bere funtzio hezitzailea betetzen du”.
Bisita kopuruak gora egin du bai udan, eta baita urte osoan ere. Iaztik, gora egin dute bisitek?
Bai, iaz beherakada nabaritu genuen, 2012. urtearekin alderatuta. Bestela, urterik urtera bisiten kopuruak gora egin du. Aurten, 2014an, iazko datuak hobetuko ditugu, eta, ziurrenik, 2012koak ere. Mugimendua handia izan da aurten Bakearen Museoan. Egia esateko, herrira eta ingurura ere aurten turista gehiago etorri direla aipatu izan dute. Abuztuaren 13an, esaterako, laurehun pertsona baino gehiagok bisitatu zuten museoa. Beraz, pozik gaude.
Gernikako bonbardaketari buruz informatzen datozen bisitariak direla esango zenuke?
Bai, nabaria da. Hona heltzen diren bisitariei Gernika-Lumok erakartzen die, bonbardaketaren kontuagatik. Gainera, hona datozenak denbora ematen dute museoa bisitatzen. Gainera, gero eta gehiagok egiten dituzte iruzkinak Interneteko foroetan, Tripadvisorren, esaterako. Hori ere lagungarri da, irakurtzen dutenengan jakinmina pizten duelako.
Beraz, erakusketako bisitariak edukinak barneratzen dituztela esango zenuke?
Bai. Hala dela uste dut. Esaten dutenaren arabera, edo eskerrak emateko idazten diguten iritziak kontuan izanda, hala dela esango nuke. Diotenez, museoko edukinek pentsarazi egiten diote bisitariari, eta gertukoak dituzten beste gatazka edo gertaerarekin alderatzen dute Gernikako kasua. Beraz, funtzio hezitzailea betetzen du Bakearen Museoak.
Zuzendari modura, zelako garrantzia du horrek zuretzat?
Handia. Ikusten dudanez, Bakearen Museora datozen gehienek ez dute dute bisita hutsa egiten. Beraz, museoak berak hausnarketa egitera eraman baditu bisitariak ba, hori berori oso baliogarria dela esango nuke.
Konferentzietan, jardunaldietan ere parte hartzen du Bakearen Museoak. Zein inpresio jasotzen duzu halako ekimenetan?
Nik uste dut nazioartean ere begirune handia diotela Gernika-Lumoko Bakearen Museoari. Txikia izan arren, bere eboluzioarekin eta azken 16 urteetan egin dugun bidearekin jabetu da jendea. Gainera, Gernika-Lumok herri bezala eta Bakearen Museoak berak egiten dituen ekarpenak baloratzen dituzte; bai historiaren aldetik eta baita giza eskubideen eta bakeari dagokienez ere. Izan ere, ez daude museo asko historia eta bestea batera lantzen dutenak. Errazagoa da museo historiko hutsa izatea, Gernikako bonbardaketa kontatu eta kitto. Baina guk, historiaz gain, gaur egungo egoera ere lantzen dugu; eta hori egiten dugun museoak gutxi gara.