
Nabarnizko probalekuak zaldi proba lehia ikusgarria hartuko du, datozen egunetan. Hain zuzen, zapatuan (irailak 13), domekan (irailak 14) eta martitzenean (irailak 16), herriko 45. zaldi proba txapelketa jokatuko dute Busturialdeko herrian.
Aurten hamar zaldi ariko dira nor baino nor gehiago. Iazkoagaz alderatuz gero, bat gehiago. Aurtengo berritasun nagusia, baina, parte hartzaileen jatorria da. Izan ere, Busturialdeko eta Lea Artibaiko hiru parte hartzaile baino ez dira izango Nabarnizen. Iaz, bestalde, parte hartzaile bakarra zetorren bertoko eskualdeetako mugetatik kanpo.
Nabarnizkoa eskualdeko zaldi proba saio zaharrenetakoa da. Hala, jende ugari batu ohi da bertoko probalekuan. Batez ere, azken jardunaldia izaten da jendetsua. Egun horretan 130 ikusle inguru batu ohi dira, txapelketa nork irabaziko duen jakiteko. Hala ere, zapatuan eta domekan ere giro ederra egotea espero dute Jai Batzordekoek.
Zaldi irabazleak 800 euro, manta eta garaikurra jasoko ditu, baina ez dira antolatzaileek banatuko dituzten sari bakarrak. Herriko parte hartzaile hoberenak, esaterako, 120 euro, manta eta garaikurra jasoko ditu. Kinttopeko zaldirik hoberenak, bestalde, 300 euro, manta eta garaikurra eramango ditu etxera. Etxeberri eta Etxebarria ariko dira maila horretan.
Harriari dagokionez, parte hartzaileek Nabarnizko 1.000 kilokoa erabiliko dute. zaldiak 400 kiloak gaindituz gero, baina, kilo bakoitzeko kilo beteko gainkarga jarriko diote harriari. Ederto pasatzeko aukera izango dela iritzita, Nabarnizera joateko deia egin dute antolatzaileek.
Saio guztiak
Zapatuan 21:00etan: Nabarniz Jatetxea (Nabarniz). -Etxeberri (Itziar; Gipuzkoa). -Goieta Taberna (Mungia).
Domekan 18:00etan: Joseba Azkonobieta (Urnieta; Gipuzkoa). -Unai Aresti (Laukiz). -Maider Uriarte (Aulesti) -Fermin Santamaria (Guriezo; Kantabria).
Hilaren 16an 21:00etan: Arriola Jatetxea (Berriatua). -Imanol Etxebarria (Ortzaika; Orio; Gipuzkoa). -Bar Goieta (Mungia).